Thich Nhat Hanh zen maisuak erantzuten du Gaur egun badirudi jende asko dagoela beldurra diona isiltasunari. Euren buruekin egoteak beldurtzen al ditu? Uste dut gaur egun jende askok beldurra diola isiltasunari, edo ez dute isiltasuna maite. Egun osoan musika edo telebista pizten dute. Ez al da izango euren buruekin bakarrik egoteari beldurra diotelako? (Itzultzailea) Uste dut gaur egun jende asko dagoela isiltasunari beldurra diona. Nahiago dute musika edo telebista martxan jarri edo lekua beteko duen zerbait. Hau jakin nahi du: Euren buruekin egoteari beldurra al diote? Egon daiteke hustasun sentimendu bat, isolamendu, pena, egonezin sentimendu bat gugan. Eta isiltasunean, gauza hauek oso argi agertzen dira: hutsa, kezka, egonezina, maitasun falta. Hutsik sentitzen zara. Ez dago zorionik, ez dago errealizazio sentipenik. Munduan jende asko dago sentimendu hori duena. Barrutik hutsik, maitasunik ez, zorionik ez. Zerbait falta zaigula uste dugu. Pena, beldurra, haserrea dago gugan. Eta isiltasuna dagoenean guzti hau argi azaltzen da. Hor daude beti! Horregatik gutariko askok dena ahazteko kontsumitzen dugu. Demagun pena bat duzula, egonezina zure barruan. Ez zara gai bakardade, egonezin sentimendu horrekin moldatzeko. Beraz hozkailua zabaltzen duzu zerbait jateko. Ondo dakizu ez zarela gose, ez daukazu zertan jan behar. Jaten duzu estali nahi duzulako zure bakardadea, egonezina. Eta gehiegi jateagatik loditu egiten zara. (Barreak) Edo musika jartzen duzu, telebista, edo egunkaria hartzen duzu. Hori da jendeak egiten duena barrutik hutsik sentitzen denean. Hori da gure zibilizazioan gizakien gaixotasun kolektiboa. Merkatuak mota anitzeko tresnak ematen dizkigu barruko sufrimendua ahaztu dezagun, barruko bakardadea. Eta sufrimendua estaltzeko saltzen dizkiguten gauzen artean, gauza asko daude toxiko, pozoitsuak direnak. Horiek kontsumitu ondoren, bakartiago, haserreago gaude, etsiak hartuta. Liburu, aldizkarietan irakurtzen ditugun gauza askok, telebistan, interneten ikusten ditugun gauza askok etsipena, haserrea handitzen baitute. Beraz egoera gero eta larriagoa da arretarik gabe kontsumitzen dugulako. Horregatik praktikatu behar dugu bosgarren entrenamendua, kontsumo zuzenari buruzkoa. Zoriona, alaitasuna sortzen ikasi behar dugu arreta osoari esker, arretaz arnastu, arretaz ibiltzeari esker. Bakea sortzen ikasi behar dugu, barruan gauza on bat izateko lagun gisa. Eta momentu hauetan isiltasunak lagundu egingo digu poza, zoriona dastatu, gozatzeko, praktikaren bidez sortutako sentsazio horiek. Demagun hemen jarri eta kanpoko eguzkiaren argiari erreparatzen diodala, kanpoko arbola zoragarriei, belarrari, edonon hazten diren loretxoei. Hori da edertasuna! Uda da! Eta gure planeta hain da ederra. Gutariko asko ez gara gai gugan eta gure inguruan dauden bizitzaren mirariak ukitzeko, ez baitugu ezagutzen arreta osoaren praktika, gogoa orainera, hona ekarri eta gauza hazgarriak, sendagarriak ukitu, poza eta zoriona ekarriko dizkigutenak. Gugan ez dauzkagu gauza eder hauek. Gauza kaltegarriak baino ez ditugu, haserrea, bakardadea eta abar. Belar gainean eseri, arnasa hartu eta zoriontsu izatea posible da. Txorien kantak entzun ditzakezu, haizearen soinua zuhaitzetan jolasean. Gauza hazgarri, sendagarriak dira. Oso jende gutxik daki hau egiten. Arreta osoaren praktikak laguntzen digu hazten, sendatzen. Sentsazio mingarri bat agertzen denean gure barruan eta arreta osoaren praktika ezagutzen badugu, ez dugu behar kalera irten eta zerbait erostea gauzak ahazteko. Badakigu nola hauteman sentsazio, emozio mingarri hori. Badakigu bera samurki besarkatzen, bera ulertzen. Sentsazio onuragarriago bihurtzen has gaitezke. Hondakinak lore bihur ditzakegu. Horregatik praktikatu behar duzu. Gizartearen sufrimendu kolektiboarekin jarduteko, arreta osoaren praktika ikasi behar dugu. Gorputza, sentsazioak, emozioak zaindu nahi ditugu. Eta arreta osoa praktikatzeak hori egiten laguntzen digu. Arreta osoan aritzeak poz-sentsazioa ekar lezake, zorion-sentsazioa. Praktikak lagundu ahal digu sentsazio, emozio mingarri bat kudeatzen. Gugan maitasuna eta ulermena sorrarazi ditzakegu. Eta errealizazio-sentsazioa izango dugu. Zorion eta poz-iturri izango gara besteentzako, maite ditugunentzako, asko daukagulako emateko. Gure ondoan jesartzean baketsu eta alai sentituko dira gugan errealizazio-sentsazioa dugulako, errukia, zoriona. Praktikatzean isiltasuna behar dugu, isiltasunak laguntzen digulako geurera itzultzen ukitzeko gure arnasa, gure gorputza, gure zoriona, gure sufrimendua eta geure burua zaintzeko, gorputz eta buru. Zorion eta bake-sentsazioa sortu ahal dugunean, besteei lagundu ahal diegu gauza bera egiten. Poz, arreta oso, errukizko energia eman dezakegu eta besteari lagundu gutxiago sufritzen, besteari lagundu bere baitan poz eta zorion sentsazioa sortarazten. Beraz, isiltasun hori oso emankorra da, guztiz aktiboa, adierazgarria. Ez da zapaltzen zaituen isiltasuna. Isiltasun noblea, zintzoa da. Budismoan isiltasun honi 'isiltasun burrunbatsua' deritzogu. Oso adierazgarria da, energiaz betea. Meditazio gelan gaudenean bezala. 900 pertsonek arnasa arretaz hartzen eta botatzen badakite, arreta osoaren eta bakearen energia sortzen badakite, isiltasun hori boteretsua da, sendagarria, elikagarria. Ez zaitu zapaltzen. 'Isiltasun burrunbatsu' deritzo. Umeak eta helduak zoriontsu dira isiltasun horretan. Jendea haserre edo grinatsu dagoenean elkarrekin jesartzen bada, haserre, grina kolektiboa sortzen da. Isiltasun hori oso kaltegarria da. Jasangaitza da horrelako isiltasuna. Hil egiten gaitu. Baina elkarrekin jesarri eta arnasten dakigunean, bakearen, zorionaren eta lasaitasunaren energia sortuz, isiltasunaren energia kolektibo hura oso sendagarria da, elikagarria. Beraz, ikasi egin behar dugu isiltasun hori sortzen familian, ikasgelan, Parlamentuan, udaletxean. Irakaslea bazara, jakin beharko zenuke gelan isiltasun hori sortzen. Etxe bat baduzu, jakin beharko zenuke isiltasun hori zure familiara ekartzen zu zeu, zeure umeak eta beste denak elikatzeko. Parlamentuko presidentea bazara, praktika hori proposatu dezakezu isiltasun hura sortzeko bertan. Indian egon nintzenean, Parlamentuko presidentearekin egon nintzen. Proposatu nion kanpaia entzutearen praktika, arnastea, irria, Parlamentuan egitea. Bilera hastea kanpai-hotsa entzun eta arnastearekin. Eta eztabaida berotzen den bakoitzean eta jendea elkarri entzuteko gauza ez denean, kanpai-hotsa entzunaraztea. Eta bildutako denak isilduko dira eta arretaz arnastuko dute euren burua lasaitzeko. Narayanan jauna, Indiako Parlamentuaren presidentea, erabat hunkitu zuen proposamen honek. Saiatu zen praktika Parlamentuan egiten. Hamar egun geroago, Chennai hirian erretiro bat gidatzen nengoela, egunkari bat ekarri zidaten. Bertan zioen Narayanan jaunak batzorde bat antolatu zuela Parlamentuan praktika hori egiteaz arduratzeko. Lehen ministro ohiari eskatu zion batzordearen presidentea izateko, 'Parlamentuaren Etika Batzordea' izenekoa. Ez dakigu nora arte heldu diren praktikarekin. Baina laster, Narayanan Indiako presidentea bihurtu zen. Beraz ezin zuen Parlamentuan egon praktikarekin jarraitzeko. Parlamentaria bazara, saia zaitezte Senatuaren bozeramailea berdin egin dezan limurtzen. Hauxe da praktika. Izan ere, irakaslea bazara, enpresa baten zuzendaria bazara, enpresa baten buru bazara, edo familia baten buru, edo alkate bazara lanean horrelako isiltasuna erraz sor dezakezu. Zu eta zure lankideen onerako izango da. Sortzen dugun isiltasunaren kalitatean dago koska. konektatu inspiratu, elikatu (Kanpaia)