Begiekin ikusten dugu baina garunarekin ere ikusten dugu. Eta garunarekin ikusteari irudimena deitzen zaio. Ondo ezagutzen ditugu gure irudimenaren paisaiak, barne paisaiak. Bizitza osoa daramagu elkarrekin. Baina badira haluzinazioak ere, eta haluzinazioak guztiz desberdinak dira. Ez dirudite guk sortutakoak. Ez dirudite gure kontrolpekoak. Kanpotik datozela ematen du, eta pertzepzioa imitatzen dutela. Beraz, haluzinazioei buruz arituko naiz eta baita ikusmen-haluzinazio mota berezi bati buruz ere, nire pazienteengan ikusten dudana. Orain dela hilabete batzuk dei bat jaso nuen lan egiten dudan zahar-etxe batetik. Esan zidaten bertako zahar batek, 90 urteko andrea batek, gauzak ikusten zituela eta burua galdu zuela uste zutela edo, adineko andrea zenez, beharbada apoplexia jasan zuela edo Alzheimerra izango zela. Beraz, bertara joatea eta Rosalie ikustea eskatu zidaten, Rosalie, adineko andrea. Bera ikustera joan nintzen. Berehala ikusi nuen osasun oneko pertsona zela, zuhurra eta inteligentzia finekoa, baina guztiz izututa eta zurtuta zegoen gauzak ikusten zituelako. Eta esan zidan (erizainek ez zuten hori aipatu) itsua zela, azkenengo bost urteotan ikusmena guztiz galdu zuela, makula degenerazioa pairatu zuela eta. Baina orain, azken egunotan, gauzak ikusten zituen. Esan nion: "Zer nolako gauzak?" Erantzun zidan: "Ekialdeko arropaz jantzitako jendea, jantzietan, eskaileretan gora eta behera. Gizon bat, nigana biratu eta irri egiten didana. Ahoaren alde batean hortz itzelak ditu. Animaliak ere bai. Etxe zuri bat ikusten dut. Elurra ari du, elur leuna. Arnesdun zaldia ikusten dut, elurra arrastatzen. Orduan, gau batean, eszena aldatzen da. Nigana datozen katuak eta txakurrak ikusten ditut. Puntu batera heltzerakoan, gelditu egiten dira. Orduan, berriz ere aldatzen da. Ume pila ikusten dut. Eskaileretan gora eta behera doaz. Kolore biziez jantzita daude, arrosa eta urdina, ekialdeko arropen antzera". Batzuetan, zioen, jendea heldu baino lehen haluzinazioetan karratu arrosa eta urdinak ikusten zituen lurrean sabairano heltzen zirela ziruditenak. Esan nion: "Amets baten modukoa da?" Eta andreak: "Ez, ez da ametsetan bezala. Film baten antzerakoa da" Esan zuen: "Kolorea eta mugimendua ditu. Baina guztiz isila da, film mutuen antzerakoa". Film oso aspergarria zela zioen. Esan zuen: "Ekialdeko arropa zeraman jende hau guztia gora eta behera zebilela, behin eta berriro errepikatzen zen, oso pobrea zen". (Barreak) Andreak umore-sena du. Bazekien haluzinazioa zela. Baina beldur zen. 95 urtez bizi izan zen eta ordura arte ez zuen inoiz haluzinaziorik izan. Esan zuen haluzinazioek ez zutela zerikusirik pentsatzen, sentitzen edo egiten ari zenarekin, berez agertu eta desagertzen zirela. Ez zituen inolaz ere kontrolatzen. Esan zuen ez zituela ezagutzen haluzinazioetan agerturiko pertsonak edo lekuak. Halaber, pertsona eta animaliak ez ziren beraz ohartzen. Ez zekien zer ari zen gertatzen. Zoratzen ari zela uste zuen edo burua galtzen. Ondo aztertu nuen andrea. Adineko andre bizkorra zen, bere senean. Ez zuen inolako osasun arazorik. Ez zuen haluzinazioak eragin ahal zituen botikarik hartzen. Baina itsua zen. Eta esan nion: "Uste dut badakidala zer gertatzen zaizun". Bada ikusmen-haluzinazio forma berezi bat itsutasun edo ikusmen arazoekin etorri ahal dena. XVIII. mendean lehenegoz deskribatu zena, Charles Bonnet-en eskutik. Zuk Charles Bonnet sindromea daukazu. Ez da zure garunean edo zure buruan ezer gertatzen ari. Zuk Charles Bonnet sindromea daukazu". Asko lasaitu zen orduan, gertatzen ari zitzaiona larria ez zelako, bitxia baizik. Galdetu zuen: "Nor da Charles Bonnet hori? Berak ere haluzinazioak izan al zituen?" Esan zuen: "Esaiezu erizainei Charles Bonnet sindromea dudala". (Barreak) "Ez nago zoratuta, ez nago demente. Charles Bonnet sindromea dut". Tira, erizainei esan nien. Zera, hau, niretzako eguneroko kontua da. Batik bat zahar-etxeetan aritzen naiz. Adineko jende asko ikusten dut entzumen edo ikusmen arazoak ditzutenak. Entzumen urrikoen %10k musika-haluzinazioak izaten ditu. Eta ikusmen urriko jendearen %10k ikusmen-haluzinazioak izaten ditu. Ez gara guztiz itsu izan behar; ikusmen urrikoa izatea nahikoa da. Baina XVIII. mendeko deskribapenari dagokionez, Charles Bonnetek ez zuen horrelakorik izan. Bere aitonak izan zituen haluzinazioak. Aitona epailea zen, adineko gizona. Kataraten ebakuntza izan zuen. Bere ikusmena nahiko urria zen. Eta 1759an, bere ilobari deskribatu zizkion ikusten zituen hainbat gauza. Esan zuen lehengo gauza airean sudur-zapi bat ikusten zuela izan zen. Sudur-zapi handia eta urdina zen lau zirkulu laranja zituena. Bazekien haluzinazioa zela. Ez dago sudur-zapirik airean. Gero, gurpil handi bat ikusi zuen airean. Baina batzuetan ez zekien haluzinazioak ziren ala ez, haluzinazioak ondo egokitzen zirelako ikusten zuenaren kontestuan. Behin, bere ilobak bera ikustera etorri ziren eta esan zien:" Nortzuk dira zurekin datozen mutil goapo hauek?" Eta ilobek :"Tamalez, ez dago inolako mutil goaporik, aitona." Orduan mutil goapoak desagertu egin ziren. Normala da haluzinazio horietan une batez agertuetzea eta hurrengoan desagertzea. Ez dira normalean pixkanaka agertzen eta desagertzen. Bat-batekoak dira, eta bat-batean aldatzen dira. Charles Lullinek, aitonak, ehunka irudi ezberdin ikusi zituen, mota guztietako paisaiak. Behin, gizon bat ikusi zuen bainu-batan pipa erretzen eta bera zela konturatu zen. Hori izan zen ezagutu zuen irudi bakarra. Behin, Parisen zehar zihoala aldamioa ikusi zuen (egiazkoa zen). Baina etxera bueltatzean, aldamio-miniatura ikusi zuen 15 zentimetroko altuerakoa, idazmahaiaren gainean. Pertzepzioaren errepikapen horri palipnosia deitzen zaio batzuetan. Berari eta Rosalieri gertatzen zitzaiena. Eta Rosaliek esan zuen: Zer gertatzen ari da? esan nion ikusmena galtzean, burmuinean ikusmenaren atalakinolako input-ik jasotzen ez dutenez hiperaktibo eta kitzikakor egiten direla, eta berez jartzen direla abian. Eta gauzak ikusten hasten zara. Ikusten dituzun gauzak konplikatuak izan daitezke benetan. Nire beste paziente baten kasuan, zertxobait ikusi ahal zuena ere, irudipenak kezkagarriak izan zitekeen. Behin, esan zuen marradun alkandora zeraman gizon bat jatetxe baten ikusi zuela. Buelta eman zuen. Eta orduan marradun alkandora zeramaten sei gizonetan bihurtu zen eta seiak beregana ibiltzen hasi ziren. Gero sei gizonak berriz elkartu ziren, akordeoiaren eran. Behin, autoa gidatzen ari zela, hobeto esanda, senarra gidatzen ari zela, bidea lau zatitan banatu zen eta lau bideetan zehar aldi berean zihoala sentitu zuen. Haluzinazio oso mugikorrak izaten zituen ere. Askok autoekin zerikusia zuten. Batzuetan mutil gazte bat ikusten zuen autoaren kapotaren gainean eserita. Nekaezina zen eta sotilki mugitzen zen autoa biratu zenean. Eta gelditu zirenean mutilak 30 metroko jauzia egin zuen bat-batean airean gora eta desagertu zen. Beste paziente batek beste haluzinazio mota bat zuen. Andre honek ez zuen begietan arazorik, baina bai garunaren ikusmenaren atalean, tumore txiki bat kortex okzipitalean baitzeukan. Marrazki bizidunak ikusten zituen batez ere. Marrazki hauek gardenak izan ziren eta ikus-eremuaren erdia hartzen zuten, pantaila baten antzera. Gustavo igelaren marrazkiak ikusten zituen batez ere. (Barreak) Nik ez dut "Sesamo kalea" ikusten, baina berak hura azpimarratu zuen: "Zergatik Gustavo? Bost axola dit niri Gustavo igelak". Ni Freudiar eragileei buruz hausnartzen hasi nintzen. Zer dela eta Gustavo? "Bost axola dit niri Gustavo igelak". Marrazkiek ez zuten gehiegi kezkatzen. Kezkatzen zuena, askotan irudi edo aurpegien haluzinazioak ikusten zituela izan zen eta Rosalien antzera, aurpegiak askotan deformatuta zeuden, hortz edo begi handiekin. Eta horrek beldurtzen zuen. Zer gertatzen ari zaio jende honi? Medikua naizenez gero, gertatzen dena frogatu eta zehaztu behar dut eta gaixoak lasaitu behar ditut, burua galtzen ez daudela azalduz batez ere. Ikusmen urrikoen %10k haluzinazioak izaten ditu. Baina %1ek baino ez ditu aitortzen burutik jota daudela esango dutelaren beldur. Eta euren medikuei haluzinazioak aipatuz gero diagnostiko okerra jaso ahal dute. Normalean, uste dugu zoratzen ari garela gauzak ikusten edo entzuten baditugu. Baina haluzinazio psikotikoak oso bestelakoak dira. Haluzinazio psikotikoek, ikusmenezkoak edo ahozkoak, zuri egiten dizute hitz, zalatzen zaituzte. Zu limurtzen zaituzte, umiliatu. Burla egiten dizute. Elkarri eragiten diozue. Arazo horietako batek ere ez du zerikusirik Charles Bonnet haluzinazioekin. Film bat dago. Zurekin zerikusirik ez duen film bat ikusten zaude edo horrela uste du jendeak. Bada beste gauza arraro bat, lobulu tenporaleko epilepsia deritzona, eta batzuetan, hau jasanez gero, norberak bere burua ikusten du iraganeko leku batean. Bidegurutze jakin batean zaude. Gaztaina erreen usaina etortzen zaizu. Trafikoa entzuten duzu. Zentzu guztiak daude lanean. Zure neskaren zain zaude. 1982 urteko astearte gaua da. Eta lobulu tenporaleko haluzinazioak zentzumen guztien haluzinazioak dira, sentsazioz eta gauza ezagunez beteak, espazioan eta denboran kokatuak, koherenteak, dramatikoak. Charles Bonnet haluzinazioak oso desberdinak dira. Charles Bonnet haluzinazioetan mota guztietako mailak daude, haluzinazio geometrikoetatik (andre haren karratu arrosa eta urdinak) haluzinazio konplexuetaraino, zenbakiz eta bereziki aurpegiz beteta. Aurpegiak, deformatuak batzuetan, haluzinazio horien ohiko gauza bakarrak dira. Maiz agertzen den bigarren gauza marrazki bizidunak dira. Zer gertatzen ari da? Modu liluragarrian, azken urteotan garunaren funtzionamenduaren irudiak egitea posiblea izan da, haluzinazioak gertatzen diren bitartean erresonantzia magnetiko funtzionalak egitea. Halaber, garunaren ikusmen-gune desberdinak aktibatzen direla aurkitu da, haluzinazioak izaten ditzuten uneetan. Jendeak haluzinazio geometriko sinple hauek dituenean, ikusmen-kortex primarioa aktibatzen da. Hau da ertzak eta diseinuak hautematen dituen garunaren zatia. Ikusmen-kortex primarioan ez dira irudiak eratzen. Irudiak eratzen direnean, ikusmen-kortexaren goragoko zati bat jarduten da lobulu tenporalean. Bereziki, lobulu tenporaleko eremu bat zirkunboluzio fusiformea deritzona. Ezaguna da norbaitek zirkunboluzio fusiformean kalterik izanez gero aurpegiak ezagutzeko gaitasuna gal dezakeela. Baina zirkunboluzio fusiformean ezohizko aktibitatea egonez gero, aurpegien haluzinazioak izan ditzakeela eta hori da zehazki jende horrengan batzuetan aurkitzen duguna. Zirkunboluzio honen aurreko zatian bada eremu bat zeinetan hortzak eta begiak irudikatzen diren, eta zirkunboluzioaren zati hori aktibatzen da jendeak haluzinazio deformatuak dituenean. Bada garunaren beste zati bat bereziki aktibatzen dena norbaitek marrazki bizidunak ikusten dituenean. Marrazkiak igartzean aktibatzen da, marrazkiak marraztean eta marrazkiekin haluzinazioak izatean. Oso interesgarria da hori hain zehatza izatea. Badira garunaren beste zati batzuk bereziki jarduten direnak eraikin eta paisaien ezagupen eta haluzinazioekin. 1970 inguruan aurkitu zen ez zeudela bakarrik garunaren zatiak, baizik eta zelula bereziak ere. "Aurpegien zelulak" 1970. urtean aurkitu zituzten. Gaur egun badakigu ehunka zelula mota desberdin dagoela, oso zehatzak izan daitezkeenak. Beraz, izan ditzakezu "auto" zelulez gain "Aston Martin" zelulak ere. (Barreak) Aston Martin bat ikusi dut gaur goizean. Hitzaldian aipatu behar nuen. Eta orain hemen dago nonbait. (Barreak) Maila honetan, azpiko kortex tenporala deritzon eremuan, ikuste-irudiak daude bakarrik, edo irudipenak edo pusketak. Goragoko mailetan bakarrik elkartzen dira beste zentzumenak eta konexioak daude memoria eta emozioarekin. Charles Bonnet sindromean ez zara goragoko mailetara heltzen. Azpiko ikusmen-kortex honetan zaude eta hor milaka eta ehun milaka eta milioika irudi dituzu, edo irudipenak edo irudipen pusketak, denak neuronen mailan kodetuta zelula berezietan edo zelula talde txikietan. Normalean hauek pertzepzioaren korronte integratuaren edo irudimenaren parte dira, eta norbera ez da horietaz ohartzen. Ikusmen-urriko edo itsua zarenean bakarrik mozten da prozesua. Eta ohizko pertzepzioa izan beharrean, azpiko kortex tenporaleko ikusmen-zelula hauen askapen edo estimulazio anarkikoa daukazu. Beraz, bat-batean aurpegi bat ikusten duzu. Gero auto bat ikusten duzu. Orain hau, gero beste hura. Burua ahalegintzen da hau antolatzen eta honi koherentzia pixka bat ematen, baina ez du ondoegi lortzen. Haluzinazioak lehengoz deskribatu zirenean ametsen moduan interpretatu liratekeela uste izan zuten. Baina jendeak esaten zuena izan zen: "Ez dut jendea hau ezagutzen. Ezin dut inolako asoziaziorik egin". "Bost axola dit niri Gustavo igelak". Amets gisa ikusten badituzu ez zara inora heltzen. Tira, esan dut esan nahi nuena. Laburbilduz esan nahi nuke hau arrunta dela. Pentsa zenbat itsu dagoen. Ehun milaka itsu egon behar dute haluzinazio hauek dituztenak, baina aipatzeko beldurra dutenak. Honelako gauzak jakitera eman behar dira pazienteentzat, medikuentzat, jendearentzat. Amaitzeko, uste dut infinituki interesgarri eta baliotsuak direla, buruaren funtzionamenduari buruzkoideia batzuk ematen dituztelako. Charles Bonnetek esan zuen duela 250 urte, bere buruari galdetu ziola, haluzinazio horietaz hausnartuz, nola, buruaren teatroa, bere hitzetan, sortu ahal zuen burmuinaren makineriak. Orain, 250 urte geroago, nola egiten den sumatzen hasi garela uste dut. Eskerrik asko. (Txaloak) Chris Anderson: Zoragarria izan da. Eskerrik asko. Gauza hauetaz zorroztasun handiz eta zure gaixoenganako enpatiaz aritzen zara. Jasan izan duzu deskribatu duzun sindrome horietarikoren bat? Oliver Sacks: Hori galdetuko zenuenaren beldur nintzen. (Barreak) Tira, bai, horietako asko. Egiaz ni neu ikusmen urrikoa naiz. Ez dut begi batetik ikusten,eta bestea ez dago oso ondo. Eta haluzinazio geometrikoak ikusten ditut. Baina hor gelditzen dira. CA: Eta ez zaituzte kezkatzen? Gertatzen ari dena ulertzen duzunez, ez zaituzte kezkatzen? OS: Ez naute nire akufenoak baino gehiago molestatzen, kontutan hartzen ez ditudanak. Noizean behin interesatzen naute eta nire koadernoetan horien irudi asko dago. Erresonantzia magnetiko funtzionala egin didate nire ikusmen-kortexanola nola moldatzen den ikusteko. Eta hexagono guzti horiek ikusten ditudanean eta beste gauza konplexuak, ikusten ditudanak ere, ikusmen-migrainian, jakin nahiko nuke jendeak horrelako gauzak ikusten dituen eta kobazuloetako artea edo ornamentazio-artea nolabait euretatik etorri diren. CA: Hitzaldi erabat zoragarria izan da benetan. Eskerrik asko hitzaldia emateagatik. Eskerrik asko. (Txaloak)