2012an, Jara mezkitako minaretea margotu nuenean nire Gabés herrian, Tunisia hegoaldean, ez nuen inolaz ere uste graffitiak horren arreta handia eman ahal zionik hiri bati. Hasieran, herriko pareta bat bilatzen ari nintzen besterik gabe eta kontua da minaretea 1994an eraiki zela. 18 urtez 57 metroko hormigoi zati hori grisa izan zen. Imama lehen aldiz ezagutu nuenean eta nire asmoa azaldu nionean, bere erreakzioa hau izan zen: «Eskerrak azkenean etorri zaren» Urteak zeramatzan paretan zerbait egingo zuen norbaiten zain. Imamaren alderik harrigarriena zera zen, ez zidala deus eskatu -- ez zirriborrorik, ez zer idazteko asmoa nuen ere. Sortzen ditudan lan guztietan, mezuak idazten ditut nire kaligraffiti estiloarekin -- kaligrafia eta graffitiaren arteko nahasketa. Zitak edo poesia erabiltzen ditut. Minaretearen kasuan, mezkita batean jartzeko mezurik egokiena Koranekoa izan behar zuela uste nuen ahapaldi hau hartu nuen beraz: «Oh gizadia, gizon eta emakumeetatik sortu zaitugu, eta jendea eta tribua egin dizkizugu, elkar ezagutu dezazuen». Dei unibertsala zen bakeari, tolerantziari eta onarpenari komunikabideetan normalean modu txarrean irudikatzen den eremutik zetorrena. Harrituta gelditu nintzen komunitatearen erreakzioa ikustean, eta nola sentitzen ziren harro minaretea jasotzen ari zen atentzioaz munduko prentsan. Imamaren ustez, ez zen soilik margolana; hori baino askoz sakonagoa zen. Minaretea hiriko monumentu bihurtuko zelako itxaropena zeukan, eta jendea erakarriko zuelakoa Tunisiako toki ahaztu hartara. Mezuaren unibertsaltasuna, garaiko Tunisiako testuinguru politikoa, eta Korana graffiti moduan idatzi izana ez ziren gauza hutsalak. Komunitatea berriro elkartu zuten. Jendea, etorkizuneko belaunaldiak, batu kaligrafia arabiarraren bidez; hori da egiten dudana. Mezuak idaztea da nire artearen funtsa. Barregarria dena, berez, zera da, arabiar hiztunak ere asko kontzentratu behar direla idazten dudana deszifratzeko. Ez duzu esanahia jakin behar pieza sentitzeko. Uste dut idazkera arabiarrak arima ukitzen duela begietara iritsi aurretik. Itzuli behar ez den edertasuna dauka. Idazkera arabiarra edonori mintzatzen zaiolakoan nago; zuri, zuri, zuri, edonori, eta esanahia harrapatzen duzuenan, horri konektatuta sentitzen zara. Beti ziurtatzen dut idazten ditudan mezuak margotzen ari naizen tokiarentzat egokiak direla, baita dimentsio unibertsala daukaten mezuak izatea edonor konektatu ahal izateko. Frantzian, Parisen jaio eta hazi nintzen eta arabieraz idazten eta irakurtzen ikasten hasi nintzen 18 urterekin. Orain arabieraz soilik idazten ditut mezuak. Hori oso garrantzitsua da niretzat, eta, arrazoietako bat munduan zehar bizi izan ditudan erreakzioak dira. Rio de Janeiron, poema portugaldar hau itzuli nuen Gabriela Tôrres Barbosak faveletako behartsuen omenez idatzi zuena, eta, gero, zabaltzan margotu nuen. Komunitateak jakinmina zeukan nire lanaz, baina kaligrafiaren esanahia azaldu bezain pronto, eskerrak eman zizkidaten, piezarekin konektatu balute bezala. Hegoafrikan, Lurmutur Hirian, Philippiko biztanleek auzo pobreko hormigoi pareta bakarra eskaini zidaten. Eskola bat zen, eta paretan idatzi nuen Nelson Mandelaren zita bat, zera zioena, «[arabieraz]», «Ezinezkoa dirudi, egiten den arte». Orduan, gizon bat hurbildu zitzaidan galdtuz «Aizu, zergatik ez duzu ingelesez idatzi?» eta nire erantzuna, «Zure kezka legezkoa irudituko litzaidake zergatik ez dudan zulueraz idatzi galdetuko bazenit». Parisen, behin, ekitaldi batean, pareta bat utzi zidan norbaitek margotzeko. Eta arabieraz margotzen ari nintzela ikusi zuenean, erotu egin zen -- histeriko jarri zen -- eta pareta garbitzeko eskatu zidan. Oso haserre eta etsita nengoen. Baina aste bat geroago, ekitaldiaren antolatzaileak bueltatzeko eskatu zidan, eta tipoaren etxearen parean beste pareta bat zegoela esan zidan. Hortaz, tipoa -- (Barreak) egunero ikustera behartuta zegoen. Hasieran, «[arabieraz]» idaztekotan egon nintzen; «Hire muturrean», baina -- (Barreak) Azkarragoa izatea erabaki nuen eta «[arabieraz]» idatzi nuen; «Ireki bihotza». Izugarri harro nago nire kulturaz, eta horren enbaxadore izaten saiatzen naiz nire artearen bidez. Eta espero dut guztiok ezagutzen ditugun estereotipoak hausteko gai izatea, idazkera arabiarraren edertasunaz. Gaur egun, ez dut mezuaren itzulpena idazten paretan. Ez dut kaligrafiaren poesia hautsi nahi, artea denez eta esanahia jakin gabe antzeman daitekeenez gero, beste herrialdeetako musikaz gozatu dezakezun heinean. Batzuek errefusatze edo ate itxi bat bezala ikusten dute, baina nire ustez, gonbidapena da -- nire hizkuntzara, nire kulturara eta nire artera. Eskerrik asko. (Txaloak)