Ez dakit hemen zaudetenak
nire argazkiak ezagutzen dituzuen.
Zenbait argazki erakusten hasiko naiz
eta gero egingo dut hitz.
Nire bizitzari buruz
zerbait kontatu behar dizuet,
berari buruz jardungo naizelako
nire hitzaldi honetan.
Brasilen jaio nintzen 1944an,
Brasilen oraindik
merkatu ekonomiarik ez zegoen garaian.
Landetxe batean jaio nintzen,
bere lurren %50 baino gehiago
oihana zen oraindik.
Leku zoragarria.
Txori eta animalia harrigarriekin bizi nintzen.
Gure errekatxoetan
kaimanekin egiten nuen igeri.
Landetxe hartan 35 familia bizi ziren
eta landetxean ekoiztutako guztia
kontsumitzen genuen.
Oso gauza gutxi zihoan merkatura.
Urtean behin,
merkatura joaten zen gauza bakarra
guk hazitako behi-azienda zen.
45 eguneko bidaiak egiten genituen
hiltegira heltzeko
milaka behi garraiatzen,
eta beste 20 egun
berriro landetxera bueltatzeko.
15 urte nituenean,
leku hura utzi behar izan nuen
hiri askoz handiago batera joateko.
Han amaitu nuen bigarren hezkuntza.
Han hainbat gauza ikasi nituen.
Brasil urbanizatzen,
industrializatzen hasia zen,
eta politikan sartu nintzen.
Zertxobait erradikal egin nintzen.
Ezkerreko alderdien kidea nintzen,
eta aktibista egin nintzen.
Unibertsitatera joan nintzen
Ekonomia ikastera.
Ekonomian masterra egin nuen.
Eta nire bizitzaren gauza garrantzitsuena
orduan gertatu zen baita ere.
Neska zoragarri bat ezagutu nuen,
bizitza osorako lagunik minena bihurtu zena
eta orain arte egin dudan gauza guztien partaide,
nire emaztea, Lélia Wanick Salgado.
Brasil guztiz erradikalizatu zen.
Diktaduraren kontra gogor borrokatu ginen,
guretzako beharrezkoa zen momentu baten.
Edo klandestinitatera joan, armak eskuan,
edo Brasiletik irten. Gazteegiak ginen
eta gure erakundeak erabaki zuen
alde egitea komeni zitzaigula.
Frantziara joan ginen.
Bertan Ekonomian doktoretza egin nuen.
Léila arkitekto egin zen.
Gero inbertsio-banku baten aritu nintzen.
Bidaia asko egin genituen.
Garapena finantzatu genuen,
Munduko Bankuarekin
ekonomia egitasmoak Afrikan.
Egun baten argazkigintzak
nire bizitza guztiz inbaditu zuen.
Argazkilari egin nintzen,
dena utzi eta argazkilari egin nintzen.
Niretzako garrantzizkoak ziren argazkiak
egiteari ekin nion.
Askok esaten didate
argazki-kazetaria naizela,
argazkilari-antropologoa naizela,
argazkilari-aktibista naizela.
Baina hori baino askoz ere gehiago
egin nuen.
Argazkigintza nire bizitza egin nuen.
Argazkigintzan murgilduta bizi nintzen
epe luzeko proiektuak garatzen.
Zenbait argazki erakutsi nahi dizuet.
Nik parte hartu nuen gizarte proiektuen barrua
ikusiko duzue.
Liburu asko argitaratu ditut
argazki hauekin,
baina batzuk bakarrik erakutsiko dizkizuet.
90eko hamarkadan,
1994tik 2000ra,
"Migrazioak" istorioaren argazkiak
egin nituen.
Liburu bat egin zen.
Erakusketa bat egin zen.
Baina nik argazki hauek
egiten nituen bitartean,
sasoi oso gogorra bizi izan nuen,
batez ere Ruandan.
Erabateko basakeria ikusi nuen Ruandan.
Milaka hildako ikusi nituen egunero.
Gure espeziearenganako fedea galdu nuen.
Ez nuen uste bizirik jarraitu ahal genuenik
eta neure estafilokoko propioak eraso egin zidan.
Gorputz guztian infekzioa izaten hasi nintzen.
Emaztearekin amodioa egitean,
ez zen niregandik hazirik ateratzen.
Odola ateratzen zen.
Lagun baten medikua ikustera
joan nintzen Parisera.
Guztiz gaixotuta nengoela esan nion.
Luze aztertu ninduen
eta hau esan zidan: "Sebastian,
zu ez zaude gaixo,
zure prostata ezin hobe dago.
Gertatzen dena da horrenbeste heriotza ikusita,
zu zeu ere hiltzen ari zarela.
Gelditu egin behar duzu. Gelditu.
Gelditu behar duzu, bestela hil egingo zara".
Gelditzeko erabakia hartu nuen.
Oso haserre nengoen argazkigintzarekin,
mundu guztiarekin,
eta jaiotetxera bueltatzea erabaki nuen.
Kointzidentzia handia izan zen.
Nire gurasoak
zeharo zahartu ziren garaia izan zen.
Zazpi arreba ditut.
Ni naiz familiako gizon gutxienetako bat.
Elkarrekin erabaki zuten
lur hau Léila eta bioi ematea.
Lur hau jaso genuenean,
lurra ni bezain hilda zegoen.
Ume nintzenean,
%50 baino gehiago euri-oihana zen.
Lurra jaso genuenean,
%0,5 baino gutxiago zen euri-oihan,
eskualde osoan zen antzera.
Garapena sortzeko, Brasil garatzeko,
gure oihanaren parte handia suntsitu genuen.
Hemen, Estatu Batuetan, egin duzuen bezala
edo Indian, planetaren edozein lekutan.
Gure garapena sortzeko
kontraesan ikaragarrira heldu gara.
Gure inguru osoa suntsitzen dugu.
Landetxe honek, milaka behi zituenak,
ehunka batzuk baino ez zuen
eta ez genekien hauekin zer egin.
Léilari ideia sinestezina bururatu zitzaion,
ideia zoroa.
Esan zuen: "zergatik ez duzu berrezartzen
hemen zegoen euri-oihana?
Paradisuan jaio zinela esaten duzu.
Eraiki dezagun paradisua berriz".
Lagun on bat ikustera joan nintzen
baso ingeniaria zena
guretzako proiektu bat prestatzeko
eta lanari ekin genion.
Landatzen hasi ginen.
Lehengo urtean zuhaitz asko galdu genituen,
bigarrenean gutxiago
eta pixkanaka lur mortu hura
berriz jaiotzen hasi zen.
Ehunka milaka zuhaitz
landatzen hasi ginen,
bertako espezieak baino ez,
hango espezieak baino ez.
Suntsitutako ekosistema bera sortu genuen.
Bizitza berriz agertu zen
modu sinestezinean.
Gure lurra parke nazional bihurtzea
ezinbestekoa zitzaigun.
Eraldaketa egin genuen.
Lurra naturari itzuli genion.
Parke nazionala egin zen.
"Instituto Terra" deritzon erakundea sortu genuen
eta edonon dirua lortzeko
ingurugiro-proiektu handi bat sortu genuen.
Hemen Los Angelesen,
San Frantziskoko badian,
Estatu Batuetan zerga-aitorpenean
kengarria egin zen.
Dirua lortu genuen Espainian,
Italian, Brasilen asko.
Brasileko enpresa ugariekin egin genuen lan
proiektuan dirua jarri zutenak, gobernuarekin.
Bizitza etortzen hasi zen,
eta nik desio handi bat nuen
argazkigintzara bueltatzeko,
argazkiak egiteko.
Oraingoan nire nahia ez zen
erretratatzea soilik animalia bat,
nire bizitza osoan
erretratatu nuen bakarra: gu geu.
Beste animaliak erretratatu nahi nituen,
paisaiak erretratatu,
gu erretratatu, baina hasierako gu,
naturarekin orekan bizi ginen garaietakoa.
Eta ekin nion.
2004 urtearen hasieran hasi nintzen
eta 2011ko amaieran bukatu.
Irudi kopuru ikaragarria egin genuen.
Léliak nire liburu eta erakusketa guztien
diseinua egin zuen.
Bera da erakusketen egilea.
Irudi horiekin nahi genuena zen
eztabaida sortzea planeta honetan
jatorrizkoa denari buruz
eta planetan gorde behar dugunari buruz.
Bizi nahi badugu,
gure bizitzan orekaren bat izan nahi badugu.
Geure burua ikusi nahi nuen
oraindik harrizko tresnak
erabiltzen genituenean.
Oraindik existitzen gara.
Aurreko astean,
Brasileko Indiar Fundazio Nazionalean
egon nintzen.
Amazonasen soilik 110 indiar talde inguru ditugu
oraindik kontaktatuak izan ez direnak.
Zentzu honetan babestu behar dugu oihana.
Irudi hauekin,
espero dut sortu ahal izango dugula
informazioa, informazio sistema bat.
Planetaren aurkezpen berria egiten saiatu ginen.
Proiektu honetako irudi bakan batzuk
erakutsi nahi dizkizuet, mesedez.
Honen... (Txaloak)
Eskerrik asko. Eskerrak benetan.
Honen alde borrokatu behar gara gogor
orain dagoen eran mantentzeko.
Baina bada beste alde bat
denen artean berreraiki behar duguna,
gure gizartea,
gure gizarteen familia modernoa.
Gauden momentu honetan
ezin dugu atzera egin.
Baina kontraesan ikaragarria sortzen dugu.
Hau dena eraikitzeko, asko suntsitzen dugu.
Brasileko gure oihana,
antzinako oihan hura,
Kaliforniaren tamainakoa zena,
gaur %93an desagertu egin da.
Hemen, mendebaldeko kostaldean,
zuek zuen oihana suntsitu duzue.
Hemen inguruan,
sekuoia oihanak galdu egin dira.
Arin galdu, desagertu.
Orain dela egun bi,
Atlantatik hona nentorrela,
basamortuen gainean hegaldatu nintzen,
guk geure eskuekin sortutakoak.
Indiak ez du zuhaitz gehiagorik,
Espainiak ere ez.
Baso hauek berregin behar ditugu.
Beraiek dira gure bizitzaren bihotza.
Arnasa hartu behar dugu.
Fabrika bakarra CO2a
oxigeno bihur dezakeena basoa da.
Sortzen dugun karbonoa harrapatzeko gai den
makina bakarra, etengabe,
gutxitzen badugu ere,
edozer egitean CO2 sortzen dugu,
zuhaitzak dira.
Zera galdetzen dut.
Orain dela hiruzpalau aste,
egunkarietan ikusi genuen
Norvegian milioika arrain hil direla.
Uretan oxigeno falta.
Neure buruari galdetzen diot,
noizbait
ia animalia espezie guztientzako
oxigenoa faltako zaigun,
gurea barne,
oso zaila litzateke guretzako.
Ur sistemarentzako,
zuhaitzak funtsezkoak dira.
Adibide txiki bat emango dizuet,
erraz ulertuko duzuena.
Zuek jende zoriontsuok,
burua ilez beterik duzuenok,
dutxa hartzen baduzue, bi edo hiru ordu
behar izango dituzue ilea lehortzeko
lehorgailua erabiltzen ez baduzue.
Nirea minutu baten lehor dago.
Antzerakoa da zuhaitzekin.
Zuhaitzak planetaren ilea dira.
Euria jausten bada
zuhaitzik ez dagoen lekuan,
minutu gutxi barru,
ura ibaira heltzen da,
lurra darama, ur iturburua suntsitzen du,
ibaiak suntsitzen ditu,
ez dago hezetasuna non atxikitu.
Zuhaitzak dituzunean,
sustrai sistemak ura atxikitzen du.
Zuhaitzen adar guztiek, jausitako hostoek
gune heze bat sortzen dute.
Urak hilabeteak behar ditu
ibaietara heltzeko
eta iturburuak mantentzen ditu,
gure ibaiak.
Hauxe da gauza garrantzitsuena
bizitzako edozein ekintzarako
ura behar dugula ikusten dugunean.
Amaitzeko, irudi batzuk
erakutsi nahi dizkizuet,
niretzako zentzu horretan
oso garrantzitsuak direnak.
Esan dizuet
nire gurasoengandik
landetxea jaso nuenean
hura nire paradisua zela,
hori zen landetxea.
Lurra guztiz akabatua, erosioa,
lurra lehortu egin zen.
Baina irudi honetan ikus dezakezue
hezkuntza gunea eraikitzen hasiak ginela
Brasilen ingurumen-zentro
nahiko handia bihurtu dena.
Irudi honetan puntu txiki asko ikusten dituzue.
Puntu bakoitzaren lekuan
zuhaitz bat landatua genuen.
Milaka zuhaitz dago.
Hona hemen orain dela bi hilabete
leku berean egindako argazkia.
(Txaloak)
2,5 milioi zuhaitz
landatu behar izan genituen,
200 espezie desberdinetakoak,
ekosistema hau berregiteko.
Azken irudia erakutsiko dizuet.
Orain lurretan bi milioi zuhaitz ditugu.
Zuhaitz hauen bidez
100.000 tona karbono ari gara harrapatzen.
Lagunok, erraza da egiten.
Guk lortu genuen, ezta?
Gertatu zitzaidan istripua zela eta
atzera joan ginen,
ekosistema bat berregin genuen.
Gela honetan gaudenok
uste dut kezka bera daukagula,
eta Brasilen sortu genuen eredua
hona ekar dezakegu.
Munduan edozein lekutan gauza dezakegu.
Eta elkarrekin egin dezakegula uste dut.
Eskerrik asko.
(Txaloak)