Thich Nhat Hanh zen maisuak erantzuten du Nola egin dezaket haserrez ez lehertzeko eta besteei kalterik ez egiteko? (es) Thay maitea, sangha maitea, Batzuetan haserrea asko kontrolatzen dut, barruan gorde, eta halako baten lehertu egiten naiz, dena bat-batean ateratzen dut, ez dakit zergatik, ez naiz nire buruaren jabe. Dudan haserre guztia lehertzen da eta aurrean daukadanari min handia eragiten diot eta baita neure buruari ere. Haserrea lehertzean, ez daukat inolako errukirik, ez naizelako konturatzen. Eta lasaitzen naizenean, haserrea lehertu da kanpoan utzi dut, eta besteaz errukitzen naiz min egin diodala ikusten dut. Baina orduan eginda dago, ezin da ezer egin. Zer egin dezaket? (Pine arreba): Thay maitea, gure lagunak suminari buruz galdetzen du. Batzuetan haserrea hazten sumatzen du eta ez du kanporatzerik nahi. Bere buruari eusten saiatzen da. Baina bat-batean, lehertu eta beste norbaiti kalte egin ahal dio. Txarto sentitzen da hori egiteagatik. Egindako kalteaz errukitzen da. Egoera hau nola hobeto kudeatu nahi du jakin. (Thay) Gai al da hurkoaren sufrimendua ikusteko? (Fr) Gai al da bestearen sufrimendua ikusteko? Noiz? Lehertu aurretik ala ondoren? (Pine arreba) Bere sufrimendua ikusten dut baina emozio handi hori agertzen da, dena dela. Zer egin dezaket? Kontrolatzea ez da nahikoa. Kontrolatzea zapaltzea izan daiteke. Erreprimitzea ez da ona emozioa hor dagoelako oraindik. Zapaldu egiten duzu baina hor dago! Erreprimitzea ez da ona. Transformatu egin behar dugu. Eta horretarako errukia behar duzu. Hira, biolentziaren aurkako antidoto bakarra errukia da. Ez dago beste biderik. Baina, nola sorrarazi errukia? Nola sorrarazi errukiaren energia? Hor dago koska. Erretiro honetan ikasi dugu bidea dela sufrimendua antzematea. Ikustea lagun hurkoaren sufrimendua dela sufriarazten dizuten hitzen, ekintzen zergatia. Bere haserreak zurea ureztatzen du. Bere biolentziak zurea ureztatzen du. Horregatik, funtsezkoa da arreta osoz arnastea eta beste hura bere biolentziaren biktima dela ikustea, bere sufrimendu eta gaizki ulertzearen biktima. Oso garrantzitsua da hori. Hori da Budaren irakaspena, sufrimenduari behatu, sufrimendua ulertu. Zure sufrimendua ulertzen duzunean, bestearena ulertu ahal duzu. Sufrimendua ulertzeak errukia sorrarazten du. Errukiak soilik eraldatu ditzake haserrea eta biolentzia. Batzuk uste dugu haserre-bloke hori barrutik ken dezakegula kirurgia balitz bezala. Baina haserrearekin ezin duzu horrela jokatu. Ezin duzu haserrea zure barrutik atera. Transformatu dezakezu bakarrik. Hira zure barnean transformatu ahal da. Ulermen, erruki bihur daiteke. Hori da praktikatzen duenaren lana: sufrimenduari behatu, zure sufrimenduari eta bestearenari eta nondik datorren ulertu. Hori da errukiaren energia sortzeko bidea. Errukia agertzean, haserrea aldatu egiten da. Ez duzu zugandik erauzi behar. Batzuk saiatzen dira hori egiten. Esaten dizute barrutik ateratzeko 'aireztatzea' praktikatzen. Gelan kea balego bezala eta kea aireztatu nahi izango bazenu lez. Metodoa hau da: gelan itxi eta burkoa jo hamar, hamabost minutuz. Uste dute hori egiten, haserrea aterako duzula zugandik. 'Badakit haserrea hor dagoela, atera nahi dut'. Uste dutelako seguruagoa dela burkoa jotzea beste pertsona bat baino. Zure gorputzetik ateratzea deitzen diote. Baina ez du balio. Ez du balio. Haserrea sendotu dezake. Haserrealdiaren proba saioak egitea da. Haserrea ukitzea deitzen diote. Gauza ona da haserrea ukitzea. Budak ere aholku hori eman zuen, arnasa hartu, zeurera itzuli, eta haserrea ukitu, samurki besarkatu, beregan begiratu. Burkoa jotzeko praktika honekin, ez duzu haserrea benetan ukitzen. Haserrearen biktima zara. Ez duzu bera ukitzen. Ez eta burkoa ere ez. (Barreak) Nahiz eta burkoa jotzen ari. Burkoa benetan ukituz gero, burko hutsa dela ikusiko zenukeelako. (Barreak) Gauza bitxia da burkoa jotzea. Ez du inolako kulparik. (Barreak) Beraz ezin baduzu burkoa ukitu, ezin izango duzu haserrea ukitu ere. Eta horrela jarraituz gero, baliteke egun baten, kalean beste hura ikusi, bera jo eta zu kartzelan sartzea. Metodo honek ez dizu haserrea menderatzen laguntzen. Gure praktikaren arabera, Budak irakatsitakoa, zeurera itzuli eta haserrea antzeman behar duzu, eta haserrea besarkatu arreta osoaren energia erabiliz. Hori da haserrea gai duen arreta osoa. Arreta osoa beti da nonbaiten jartzen den arreta. Tea hartzen dudanean eta hementxe, oraintxe nagoela ohartzen naizenean, tea edaten, hori da edatea gai duen arreta osoa. Arnasa arreta osoz hartzen dudanean, hori da arreta osoa arnastean. Arreta osoz nabilenean, arreta osoa ibiltzean da. Neurera itzultzean, haserrea antzeman eta besarkatzean, haserrea da nire arreta osoaren gaia. Hori da haserrean jarritako arreta osoa. Energia bi daude. Lehengo, haserrearen energia. Bigarren energia arreta osoarena da Energia hori izateko arretaz ibiltzea, arnastea landu behar duzu. Bigarren energiarekin lehena antzematen duzu eta samurki besarkatzen duzu. Ez duzu erreprimitzen. Samurki besarkatu, ama batek sufritzen duen umearekin egiten duen moduan. Arreta osoaren energiak haserrearen energia besarkatzean, gutxiago sufritzen duzu. Eguzkiaren argiak loto lorea besarkatzen duen gisa. Loreak energia, beroa lortzen du, loratzeko behar duena. Arreta osoaren energia erabiltzen duzunean zure haserrea besarkatzeko, gutxiago sufritzen duzu, lasaitasuna lortzen duzu. Gutxiago sufritzen duzu. Sakon begiratuz gero, haserrearen jatorria aurki dezakezu. Pertzepzio oker bat izan daiteke. Bestearen sufrimendua ikusteko zure ezintasuna izan daiteke. Zure pertzepzio okerra ikusten baduzu, edo bestearen sufrimendua, ulertze horrek errukia sortaraziko du. Eta errukia sortzen denean, nektar baten antzerakoa da, berehala sufrimendua arintzen duena. Lasaiago zaude. Eta sufrimendua eralda dezakezu. Praktika honek beti du eragina. Iraganean, Plum Villagen palestinar eta israeldar taldeei laguntzen genien gurekin praktikatzera etortzeko. Talde bakoitza haserrez, mesfidantzaz beteta zegoen. Bi astez gurekin egonez gero, transformazioa, sendaketa posible ziren. Lasaitzea, askatzea, tentsioa botatzea lantzen genuen. Bizitzaren mirariak ukitzea geure burua elikatzeko. Arnastea praktikatzen genuen gure mesfidantza, beldurra, haserrea antzemateko. Ondoren jesartzen ginen elkarri entzuten saiatzeko. Beste taldekoei gure sufrimendua, gure beldurra kontatzen diegu. Laugarren entrenamendua erabiltzen dugu: hizkera maitekorra eta sakon entzutea. Zeure bihotza zabal dezakezu, zure sufrimendua kontatu, zure beldurra, haserrea. Baina halako moduan non beste pertsonak edo taldeak zu ulertuko zaituzten. Lagundu haiei zu ulertzen. Hitz egiten duzunean, ez duzu gaitzesten, errurik leporatzen. Ulertzen laguntzea da zure asmo bakarra, ulertzea zure sufrimendua, zure herriarena, zure umeena. Horrek lagunduko die zeure sufrimendua ulertzen. Orduan, zure txanda izango da beren sufrimendua entzuteko. Kontatuko dizute beren sufrimendua, beldurra, haserrea, etsipena. Entzun egin behar diezu. Hitz egiten dutenean, zuri buruzko pertzepzio okerrak dituztela ikus dezakezu. Zuzendu nahi diezu. Baina praktika honen arabera, ez duzu egin behar. Hitz egiten ari direla zuzentzen badiezu, solasaldia eztabaida bihurtuko baituzu. Hori ez da sakon entzutearen praktika. Zeure bostean diozu: 'Pertzepzio okerrak dituzte ez dutelako egia ikusi. Baina astia daukat pertzepzio okerrak zuzentzen laguntzeko egun batzuk barru.' Aste betez bertan izango baitira. Egun batzuk barru, izango duzu aukera esateko, informazioa emateko, pertzepzioak zuzentzen laguntzeko. Baina ez orain. Orain entzun egin behar duzu. Arretaz entzun. Hori delako entzute errukiorra. Ordu betez errukiz entzuteko gai bazara, gutxiago sufrituko dute. Errukia praktikatzen dugu. Gutxiago sufritzeko aukera bat ematen diegu. Hori da laugarren entrenamendua praktikatzea: errukiz entzun, besteak gutxiago sufritu dezan. Zure bikotekidearekin landu dezakezu, semearekin, alabarekin, gurasoekin. Bihotzean gordetzen dutena entzun. Hori da errukia. Aste batez praktikatu ondoren, pertzepzio oker asko desagerraraziko ditugu. Elkar ulermena indartzen dugu. Talde biak gai dira elkarrekin jesartzeko, eskutik heldu eta ibiltzen meditatzeko, elkarrekin bazkaltzeko. Senidetasuna sortzen da. Oso praktika garrantzitsua da. Politikariek praktika hau ikasi beharko lukete. Bake-negoziazioak abiarazten dituztenean, beren burua lasaitzetik hasi, erlaxatu, barruan duten sufrimendua antzeman, bestearen sufrimendua antzeman. Aste bi horrela praktikatuz gero, negoziazioak emankor izango dira. Politika zientzien irakaskuntzan ikasleek praktika hau ikasi beharko lukete. Ez zara budista izan behar hori ikasteko. Etika aplikatua da, edozein ikastetxetan irakats daitekeena, baita oinarrizko irakaskuntzan ere. Haurrek praktika hau ikas dezaketelako eta neba-arrebekin berradiskidetu, gurasoekin berradiskidetu baita gurasoei lagundu ere. Ume eta gazteentzako erretiro asko dago. Umeak guztiz aldatzen dira gurasoen sufrimendua ikusten dutenean. Erretiroaren ondoren, etxera itzuli, aitari, amari entzun eta gutxiago sufritzen laguntzen diete. Hau mirari bat da, erretiroetan beti gertatzen dena. konektatu, inspiratu, elikatu (Kanpai hotsa)