(Kanpaia) (Kanpaia) Biolentzia erabil dezakezu biolentziari aurre egiteko hilketak eragozteko? Thay maitea, sangha maitea, nire galdera lehenengo entrenamenduari buruzkoa da. Muturreko biolentziaren aurrean, genozidioa esate baterako, indarkeriazko ekintzekin erantzun daiteke? Indarkeriarekin? Estatu segurtasunean egiten dut lan. Gogora datozkit Churchill edo Chamberlain Hitlerren aurrean, esate baterako. Edo gaur eguneko adibideak, Ruanda, edo Sudan, leku horietan Hitlerri errukiz entzuteak, Chamberlain-ek egin zuen moduan, baliteke nahikoa ez izatea. Arazoak ditut honekin. (Arraba): Thay maitea, lagun honek muturreko indarkeriaz galdetzen du. XX. mendean gertatutakoa hartzen du adibide gisa, Hitlerrek horrenbeste sufrimendu eragin zuenean. Britainia Handian bazen politikari bat Hitlerri errukiz entzuten saiatu zena, eta ez zuen arrakastarik izan. Egia esan, Hitlerrek jende askori min egiten utzi zion. Bere galdera da zenbait egoeratan bidezkoa den indarkeria erabiltzea indarkeria eragozteko? (Thay): Indarkeria eza ez da teknika bat. Bide bat da, ez teknika bat. Eta indarkeria ezaren oinarria ulermena eta errukia dira. Zugan errukia eta ulermena daudenean, egiten duzun guztia indarkeria barik egingo duzu. Suposatu batek beste bat hiltzen duela, legea hausten duela. Harrapatu eta kartzelan sartzen duzu. Harrapatzea, kartzelan sartzea, indarkeria da ala ez? Izango da edo ez da izango egoeraren arabera. Norbait harrapatu eta kartzelan sartzen baduzu baina ulermenak eta errukiak bultzatuta egiten baduzu, ez da indarkeriarik izango zure ekintzan. Beste batzuetan ez duzu ezer egiten, onartzen duzu... Norbaiti uzten badiozu besteak erahil eta suntsitzea, nahiz eta zuk ezer ez egin, hori indarkeria da. Indarkeria egon daiteke egitean edo ez egitean. Itxura bortitza izan daiteke, baina zure bihotzean errukia eta ulermena daude. Hori ez da benetako indarkeria. Zaldi bat hiltzen ari da, asko sufritzen du, baina ez da hiltzen. Eta azken tiroa ematen diozu hil dadin. Indarkeria dirudi, baina zure errukitik dator. Ez duzu nahi zaldiak sufritzen jarraitzea. Horrek erakusten dizu edozein ekintza izan daitekeela indarkeriazkoa ala ez. Bihotzean duzunaren arabera. Sufrimedua gutxitu nahi baduzu, pertsona horrek indarkeriaz zergatik jokatu duen ulertuz gero, kartzelan sartzen baduzu ere hainbat egunez jaten eman barik, ez da indarkeria izango. Egun batzuk jaten eman barik lagatzea ikus dezan jatekoa izatea zoragarria dela, hori ikustera eramatea ez da zigortzeko egiten duzun zerbait, jatekoaren balioa uler dezan baizik. Indarkeria eza da. Ez dugu egoera heldu arte zain egon behar orduan erabakitzeko indarkeria erabiliko dugun ala ez. Oraintxe bertan hasi behar dugu. Eta unea heltzen denean, errukiz jokatu ahal izango dugu, hau da, indarkeriarik gabe. Indarkeria gabeko ekintza bat pentsa beharko litzateke. epe luzerako ekintza gisa. Ume bati irakasten diozunean, esaten diozunean nola jokatu, indarkeriarik gabeko ekintza bat ari zara egiten. Ez duzu itxaroten umea hazi arte, hiltzen hasten den arte, nola jokatu irakasteko. Prebentzio-neurriak erabiltzen dituzu. Hezkuntza arloan, nekazaritza arloan, artearen arloan, eraman ditzakezu indarkeria gabeko pentsamendu eta ekintzak. Jendeari irakatsi diskriminazio oro desagerrarazten. Hori da oinarrizko ekintza ez bortitza, indarkeria diskriminaziotik, banaketatik, gorrototik, beldurretik, haserretik datorrelako. Jendeari lagundu guzti hau eraldatzen ekintzetan agertu baino lehen. Hau da indarkeriarik gabeko benetako ekintza. Oraintxe bertan hasi behar gara, ez zain egon zerbait gertatu arte eta orduan pentsatu indarkeria erabiliko dugun ala ez. Nire ustez, indarkeria eza inoiz ezin da izan erabat absolutua. Esan liteke ahalik eta indarkeria gutxien erabili behar dela. Militarrengan pentsatzen dugunean, beren ekintzak guztiak bortitzak direla uste dugu. Baina armada bat zuzentzea, hiri bat babestea atzerriko armada baten inbasioa geldiarazteko, bide asko dago hori egiteko. Batzuk bortitzagoak, beste batzuk ez horren bortitzak. Aukera zure esku dago beti. Baliteke ez izatea indarkeria eza %100ean, baina indarkeriarik ezaren %80 hobea da indarkeriarik ezaren %10 baino. Bai? Ez egon absolutuaren bila. Horrela jarduten gara bost entrenamenduekin. Ezin zara haietan perfektua izan. Ez kezkatu perfektua ez izateaz 14 edo 5 prezeptuak jarraitzean. Garrantzitsuena da bide horretan ibiltzeko erabakia hartzea. Ahal duzun guztia egiten duzu, hori da behar duguna. Gauez basoan galtzen bazara eta bidea galtzen baduzu, Iparrizarra bilatu behar duzu bidea aurkitzeko berriz. Iparrerantz abiatzeak ez du esan nahi Iparrizarrera helduko zarenik. Ez duzu hara heldu behar, iparrerantz joatea da behar duzuna. (Barreak) Gauza bera da bost entrenamenduekin. Ulermenaren eta errukiaren norabidean ibili behar duzu. Ez zara perfektua izan behar. Ahal duzuna egiten baduzu, nahikoa da sangharentzat, nahikoa da Budarentzat. Gauza bera da indarkeria ezarekin. Ahal dugun guztia egin behar dugu. Eskerrik asko. (Kanpaia) (Kanpaia)