Batzuetan oso lotsatuta sentitzen naiz europarra izateaz. Azken urtean, milioi bat pertsona baino gehiago iritsi dira Europara laguntza beharrean eta gure erantzuna benetan penagarria izan da. Kontraesan asko daude. Negar egiten dugu bi urteko Alan Kurdi-ren heriotza tragikoaren aurrean baina, geroztik, 200 haur baino gehiago ito dira Mediterraneoan. Nazioarteko itunak ditugu, iheslariak guztion ardura direla aitortzen dutenak, baina onartzen dugu Libano txikiak Europa osoak baino Siriar gehiago hartzea babesean. Giza trafikatzaileez kexatzen gara baina hori bihurtzen dugu bide bakarra Europan asiloa eskatzeko. Eskulan urria dago, baina gure behar ekonomiko zein demografikoak betetzen dituztenei ez diegu Europara etortzen uzten. Gure balio liberalak aldarrikatzen ditugu Islam fundamentalistaren kontra, baina... politika zapaltzaileak ditugu, asilo eske datozen haurrak atxilotzen dituztenak, umeak beren familiengandik banatzen dituztenak, eta iheslarien jabetzak konfiskatzen dituztenak. Zer ari gara egiten? Nola iritsi gara egoera honetara? Nola hartu dugu horrelako jarrera ankerra krisi humanitario bati erantzuteko? Ez dut uste jendeari axola ez zaiolako denik edo, behintzat, ez dut hori sinetsi nahi. Arrazoia gure politikarien etorkizun-sen falta dela uste dut, duela 50 urte baino gehiago sortu zen iheslarientzako nazioarteko babes sistemari egokitzeko sen falta mundu aldakor eta globalizatu bat lortzeko. Pauso bat atzera eman nahi dut eta funtsezko bi galdera egin, guztiok egin beharreko bi galdera. Lehena: zergatik ez dabil oraingo sistema? Eta bigarrena: zer egin dezakegu konpontzeko? Indarrean dagoen iheslarientzako babes sistema Bigarren Mundu Gerraren ondoren sortu zuten tipo hauek. Oinarrizko helburua, estatu batek porrot egitean, edo okerrago, bere jendearen kontra jartzean, herriarentzako tokia bermatzea zen babesean eta duintasunez bizitzeko etxera bueltatu arte. Siriakoa bezalako egoeretarako sortu zen hain zuzen. 147 gobernuk sinatutako nazioarteko hitzarmen baten bidez (1951ko Iheslarien estatutuari buruzko hitzarmena) eta nazioarteko erakunde baten bidez (UNHCR), estatuek hitzeman zuten beren lurraldean onartuko zituztela gatazka eta jazarpenetik ihesi zebiltzanak. Baina gaur egun, sistema hori huts egiten ari da. Teorian, iheslariek asilo eskubidea daukate. Praktikan, gure immigrazio politikek babesa lortzeko bidea oztopatzen dute. Teorian, iheslariek integraziorako eskubidea daukate edo beren jaioterrira bueltatzekoa. Baina praktikan, linbo batean geratzen dira harrapatuta. Teorian, iheslariak guztion ardura dira. Praktikan, geografiak adierazten duenez, gatazkatik hurbil dauden herrialdeak dira munduko iheslarien gehiengo izugarria hartzen dutenak. Sistema ez da hautsi arauak gaizki daudelako, aldatzen ari den munduan modu okerrean erabiltzen ari garelako baizik, eta hori da hausnartu behar duguna. Hala, egungo sistemaren funtzionamendua azaldu nahi dizuet. Nola funtzionatzen du sistemak benetan? Baina ez goitik beherako ikuspuntu instituzionaletik, iheslari baten ikuspuntutik baizik. Imajinatu Siriako emakume bat. Amira deituko dugu. Eskualdean ezagutu nuen jendea irudikatzen du Amirak. Amira, munduko iheslarien % 25 inguru bezala, seme-alabak dituen emakumea da, eta ezin da etxera joan hiri honetatik etorri delako, aurrean daukazuen hori: Homs. Noizbait eder eta historiko izandako hiria orain hondakin azpian dagoena. Amira ezin da hara bueltatu. Baina ez dauka beste herrialde batean geratzeko itxaropenik ere, munduko iheslarien %1ak baino gutxiagok soilik lor dezaketen loteria txartela baita. Amirak eta familiak ia ezinezkoa den aukera bati egiten diote aurre. Oinarrizko hiru aukera dituzte. Lehenengoa: Amirak kanpaleku batera eraman dezake familia. Kanpalekuan, laguntza jaso dezake, baina ez dago aukera handirik Amira eta familiarentzat. Eremu latz eta lehorretan kokatzen dira kanpalekuak, basamortuan askotan. Jordaniako Zaatari kanpalekuan, jaurtigaiak entzun daitezke gauean Siriako mugan zehar. Jarduera ekonomikoa mugatuta dago. Hezkuntzaren kalitatea baxua da sarritan. Eta munduan, kanpalekuetako iheslarien %80 inguruk gutxienez bost urtez egon behar izaten du bertan. Bizitza tamalgarria da, eta baliteke horregatik izatea siriarren %9k besterik ez hartzea bide hori. Bestela, Amira hiri batera joan daiteke, hurbileko herrialde batean. Amman edo Beirut, esaterako. Hori da siriar iheslarien %75 inguruk aukeratutako bidea. Baina bertan ere zailtasun handiak daude. Hiri horietan, iheslariek ez dute lan egiteko eskubiderik izaten. Ez dute laguntza gehiegi jasotzen. Amirak eta familiak aurrezkiak gastatu ondoren ezer gutxirekin geratzen dira, pobrezia larria jasateko arriskuan. Hirugarren aukera bat dago, geroz eta siriar gehiago aukeratzen ari direna. Amirak familiarentzat itxaropena bila dezake bidaia arriskutsu batean bizia arriskatuz beste herrialde batera joateko. Hori da gaur egun Europan ikusten ari garena. Mundu osoan, ia ezinezko aukerak ematen dizkiegu iheslariei. Hiru dituzte: kanpalekuak, txirotasuna hirietan eta bidaia arriskutsuak. Iheslarien babeserako sistema hori da gaur egun iheslarientzat. Baina aukera faltsua dela uste dut eta birplanteatu dezakegula. Aukerak mugatzearen arrazoia zera da: uste dugu horiek direla iheslariek dituzten aukera bakarrak eta ez da hala. Politikariek «gehiketa zero» emango lukeen gai moduan azaltzen dute; iheslariei laguntzen badiegu, herritarrei kostuak inposatuko dizkiegu. Guztiok pentsatu ohi dugu iheslariak kostu edo zama saihestezina direla gizartearentzat. Baina ez du zertan hala izan. Aukera-sorta zabaltzeko moduak daudela eztabaidatu nahi dut, eta, era berean, guztiontzat onura lortu: iheslarien helmuga diren herrialdeak, gure gizartea eta baita iheslariak ere. Lau modu proposatu nahi ditut iheslariekiko dugun iritziaren paradigma alda dezaketenak. Antzekotasun bat daukate: globalizazioaren, mugikortasunaren eta merkatuen aukerak aprobetxatzeko bideak dira, baita iheslariekiko dugun iritzia eguneratzeko ere. Aztertu nahi dudan lehenengo ideia «inguruneak egokitzea» da, eta funtsezko onarpen batetik abiatzen da: iheslariak gizakiak dira, beste guztiok bezala, baina ezohiko egoeran daude. Oxfordeko lankideekin batera, ikerketa proiektu batean abiatu nintzen Ugandara iheslarien bizitza ekonomikoa aztertzeko. Ez genuen Uganda aukeratu helmuga-herrialdeen eredu delako. Ez da eredua, salbuespena baizik. Munduko helmuga herrialde gehienetan ez bezala, Ugandak aukera ekonomikoa eman die iheslariei. Lan egiteko eskubidea ematen die. Mugitzeko askatasuna ematen die. Eta emaitzak txundigarriak dira bai iheslarientzat bai herrialdearentzat. Hiriburuan, Kampala-n, iheslarien %21ak jendea enplegatzen duen negozio bat dauka eta enplegatutako jendearen %40 helmuga herrialdekoak dira. Hau da, iheslariak lana sortzen ari dira helmuga herrialdeko jendearentzat. Kanpalekuetan ere loratzen ari diren negozio bizi eta ekintzaileen aparteko adibideak aurki daitezke. Esaterako, Nakivale izeneko kokalekuan Kongoko iheslariak aurkitu genituen musika digitala trukatzeko negozioak kudeatzen. Ruandar bat topatu genuen, eta bere negozioari esker gazteek bideo-jokoak erabil ditzakete birziklatutako kontsola eta telebistetan. Muturreko bortxaketaren kontra, iheslariak berritzen ari dira, eta aurrean daukazuen gizona Demou-Kay izeneko kongoar bat da. Demou-Kay ezer gutxirekin iritsi zen kokalekura, baina zinemagile izan nahi zuen. Beraz, lagun eta lankideekin batera, eskualde irrati bat sortu zuen, bideokamera bat alokatu zuen, eta orain filmak egiten ari da. Bi dokumental egin ditu gure taldearekin eta taldearentzat, eta negozio arrakastatsua egiten ari da ezer gutxitik abiatuta. Horrelako adibideak dira iheslariekiko gure erantzuna gidatu beharko luketenak. Iheslariak giza-laguntzaren ezinbesteko zama bezala ikusi ordez, aurrera egiteko aukerak eman behar dizkiegu. Bai, arropa, mantak, aterpea, janaria garrantzitsuak dira larrialdiko fasean, baina harago ere begiratu behar dugu. Konexiorako, argindarrerako eta hezkuntzarako aukerak eman behar ditugu, lanerako eskubidea, kapitalerako eta bankurako sarrera. Ziurtzat jotzen ditugun gauza guztiak, munduko ekonomiara lotzen gaituztenak, iheslariei aplikatu ahal zaizkie. Aztertu nahi dudan bigarren ideia «zonalde ekonomikoak» dira. Zoritxarrez, munduko helmuga herrialdeek ez dute Ugandaren irtenbidea jarraitu. Gehienek ez dituzte beren ekonomiak modu horretan zabaltzen. Baina baditugu erabil ditzakegun beste aukera pragmatiko batzuk. Apirilean, Jordaniara joan nintzen garapenaren ekonomian aditua den Paul Collier-rekin, eta ideia bat izan genuen nazioarteko elkartearekin eta gobernuarekin geundela, siriarrentzat lana sortzen duen ideia eta Jordaniako garapen estrategia nazionala bermatzen duena. Gune ekonomiko bat sortzea da ideia, iheslarientzako enplegua integra genezakeen gunea jordaniarren enpleguarekin batera. Eta Zaatari kanpalekutik 15 minutura soilik, 83.000 iheslariren bizitokia, badago gune ekonomiko bat Hussein Bin Talal Errege Garapen Gunea izenekoa. Gobernuak milioi bat dolar baino gehiago gastatu ditu sare elektrikora eta errepide sarera konektatzeko baina bi gauza falta zaizkio: eskulana eta barne inbertsioa. Eta iheslariek bertan lan egin balezakete, kanpalekuetan trabatuta egon ordez, familiak mantentzeko eta lanbide teknikak hobetzeko gai balira Siriara bueltatu aurretik? Igarri genuen Jordaniari onura egingo ziola, garapen estrategiak aldaketa eskatzen baitu diru sarrera ertaineko herrialde izatetik ekoizle izatera. Iheslarientzat onuragarria izan liteke, eta Siria berreraikitzea lagundu lezake gatazkaren ondoren, iheslariei formatzen laguntzea noizbait Siria berreraikitzeko modu onena dela onartuz. Foreign Affairs aldizkarian argitaratu genuen ideia. Abdullah erregeak kontuan hartu du. Londreseko Siriari buruzko konferentzian iragarri zen duela bi aste, eta udan proba bat jarriko dute martxan. (Txaloak) Aurkeztu nahi dizuedan hirugarren ideia estatu-iheslari arteko «lehentasunezko lotura // batasuna» da emaitza pozgarriak lortzeko, Angela Merkel eta siriar iheslari honen argazkian bezala. Nekez galdetzen diegu iheslariei zer nahi duten, nora joan nahi duten, baina egin dezakegula uste dut eta guztion egoera ekonomikoa hobetu. Alvin Roth ekonomialariak «bat datozen merkatuen» ideia garatu du, non alderdien lehentasunek azken lotura irudikatzen duten. Nire lankide Will Jones eta Alex Teytelboym-ek ideia hori iheslariengan nola ezar litekeen aztertu dute, iheslariei eskatzeko nahiago dituzten helmugak sailka ditzaten, eta baita estatuek nahi dituzten iheslari motak sailka ditzaten trebetasunei edo hizkuntzari dagokionez eta elkar daitezen ahalbidetzea. Aurrekontuak finkatu behar dira, jakina, aniztasuna eta sentikortasuna bezalako arloetan, baina bat etortzeko aukerak handitzeko modu bat da. Bat etortzearen ideia arrakastaz erabili da ikasleak unibertsitateekin lotzeko, adibidez, edo giltzurrun emaileak pazienteekin, eta zita webguneetako algoritmoen oinarria da. Zergatik ez dugu erabiltzen iheslariei aukera gehiago emateko? Nazio-mailan ere erabil liteke, izan ere, gainditu beharreko auzietako bat tokian tokiko herritarrek iheslariak onartzea da. Eta momentuz, nire herrialdean esaterako, ingeniariak landara bidali ohi ditugu eta nekazariak hirietara, eta horrek ez du inolako zentzurik. Bat datozen merkatuei esker lehentasun horiek batu ahalko lirateke eta helmuga-herrialdeko beharrak eta eskaerak entzun iheslarienekin batera. Aurkeztu nahi dizuedan laugarren ideia «bisa humanitarioak» dira. Europan ikusi dugun hondamendiaren zati handi bat guztiz ekidin zitekeen. Europako asilo-politikaren oinarrizko kontraesan batek eragiten du. Europan asiloa eskatzeko berez iritsi behar duzu, bidaia arriskutsu batean abiatuta (lehen deskribatu ditudanak). Baina zergatik egin horrelako bidaiak hegaldi merkeen eta ahalmen kontsular modernoen aroan? Ez dira inolaz ere beharrezkoak eta, aurreko urtean, 3.000 pertsonatik gora hil ziren horien erruz Europako mugetan eta Europan bertan. Iheslariei utziko bagenie zuzenean bidaiatzea eta Europan asiloa eskatzea, hori guztia ekidingo genuke eta badago hori lortzeko modua «bisa humanitario» izenekoei esker, enbaxadetan bildu daitezkeenak edo ondoko herrialdeko kontsuletxe batean eta gero, beren bidaia ordaindu ferryz edo hegazkinez Europara iristeko. Mila euro inguru balio du trafikatzaile bat hartzea Turkiatik Greziar irletaraino. 200 euro balio du hegazkin merke bat hartzea Bodrum-etik Frankfurtera. Iheslariei baimena emango bagenie, abantaila handiak ekarriko lituzke. Biziak salbatuko lituzke, trafikatzaileen merkatua ahulduko luke eta deuseztatuko litzateke Europatik antzematen den anabasa Greziar irlak bezalako tokietan. Politikak ez digu hori egiten uzten konponbide arrazional baten beharrean. Eta aplikatu den ideia da. Brasilek ikuspuntu aitzindari bat izan du non 2.000 siriar baino gehiagok bisa humanitario bana eskuratu, Brasilen sartu eta iheslari estatusa aldarrikatu duten Brasilera iristean. Egitasmo horren baitan, siriar bakoitzak iheslari estatusa jaso du eta iheslari zintzotzat hartu dute. Aurrekari historiko bat ere badauka. 1922 eta 1942 artean, Nansen pasaporte hauek bidaiatzeko agiri moduan erabili ziren 450.000 asiriar, turkiar eta txetxeniarrek Europan zehar bidaia zezaten eta Europan iheslari estatusa aldarrika zezaten. Eta Iheslarientzako Nazioarteko Nansen Bulegoak Bakearen Nobel Saria jaso zuen estrategia bideragarria izateagatik. Aurkeztu dizkizuedan lau ideiak Amiraren aukera-sorta zabaltzeko moduak dira. Horiei esker iheslarientzako aukera hobeak lor ditzakegu azaldu dizkizuedan oinarrizko hiru aukeretatik harago eta beste batzuk egoera ekonomiko hobean utzi. Hitz batean, ikuspegi berria behar dugu, iheslarien aukerak zabalduko dituena, baina zama ez direla aitortzen duena. Iheslariak kostua izatea saihestu daiteke. Bai, giza-erantzukizuna dira, baina trebetasunak, talentua eta nahiak dituzten gizakiak dira, ekarpenak egin ditzaketenak -- aukera ematen badiegu. Mundu berrian migrazioa ez da desagertuko. Europan ikusi duguna urte askotarako egongo da gurekin. Jendeak bidaiatzen jarraituko du, lekualdatuko dituzte eta hori moldatzeko bide arrazional eta errealistak aurkitu behar ditugu -- laguntza humanitarioaren logika zaharretan oinarritzen ez direnak, karitatearen logikan oinarritzen ez direnak, baizik eta globalizazioak, merkatuek eta mugikortasunak eskaintzen dituzten aukeretan eraikitakoak. Altxatzea eskatuko nizueke, eta gure politikariak bultzatzea erronka honen aurrean esna daitezen. Eskerrik asko. (Txaloak)