Egun on, sangha maitea. Gaur ingelesez hitz egingo dugu. Gaur 2013ko martxoaren 10a da, eta Ur Geldo aretoan gaude goiko baserrian, Plum Villagen. Nortzuk entzungo dute Thay zuzenenean ingelesez? Gehienek. Hurrengo egunetan 600 lagun etorriko dira frantses erretirora. Hai Nghiem mojak proposatu ditu zenbait gai irakatsi eta praktikatzeko. Lehena: zoriona posible da. Bigarrena: sendatzea posible da. Askok sendatu beharra dutelako. Datozen gehienek sendatu behar dute. Gero: sakon bizi. Beste ideia bat: zatoz etxera. Ez zaitez alderrai ibili. Zatoz etxera. Hori ere da funtsezko gaia, praktika. Gero: sangha ibaia. Ez zaitez ur tanta gisa joan. Hau oso garrantzitsua da praktikarako. Ezin dugu praktikatu Sangha barik. Eta sangharekin ibaiaren modura ibili behar dugu. Beraz, erretirora datozenek soilik ez, guk ere, hemen bizi garenok, behar dugu praktika hau. Datozen lagunek erretiroa antolatzen ere hartuko dute parte. Janaria prestatuko dute, garbitu, etab. Askori Sangharekin aritzea gustatzen zaie erretiroan. Bakean, pozik, janaria nola prestatu, nola garbitu, irakatsi behar diegu, hau irakaskuntza, praktika baita ere. Eredua izan beharko ginateke, praktika zentroan bizi garenok. Thayk hiru hizketa emango ditu frantsesez. Bat galdera eta erantzunena izan daiteke. Beraz, hirutan batuko gara etxalde berean. Beste egunetan etxaldeka banatuko gara Dharma hitzaldiak eta solasaldietarako. Erretiroaren ostean, Thay eta zenbait monje Asiara joango dira. Hego Korean eta Hong Kong-nen programa oso betea dugu. Baita Tailandian ere. Bertakoek bisitaldiaz aprobetxatu nahi dutelako. Plum Villageko praktika gauza bitan ikus daiteke. Lehena da nola antzeman sufrimendua, besarkatu eta eraldatu. Hori arte bat da. Bizitzak sufrimendua eta zoriona dakartzalako. Ezin dugu sufrimendua ekidin, onartu egin behar dugu. Sufritzen ikasi. Sufritzen badakigu, askoz gutxiago sufrituko dugu. Eta sufrimendutik asko ikasiko dugu. Badakigu sufrimendua ondo erabiltzen zoriona sortzeko. Loto loreak hazten ditugun eran. Lotoak hazteko lohia behar dugu. Sufrimendua da poza eta zoriona sortzeko behar dugun lohia. Praktikaren lehengo aldea da nola atzeman sufrimendua, bera besarkatu eta eraldatu. Sufrimenduaren arteaz ari gara. Dalai Lamak "Zorionaren artea" izeneko liburua idatzi omen du. "Sufrimenduaren artea" liburua behar dugu. Sufritzen ikasi egin behar dugu, sufritzen jakinez gero, askoz gutxiago sufrituko baitugu. Sufrimendutik ikas dezakegu. Sufrimendua zuzen erabili. Benetako praktikanteok badakigu hori, sufritzen trebatuak gara. Nola sufritu ikasi behar dugu. Hau arte bat da. Gure sufrimenduari irribarre egin behar diogu bakez, lohiari irribarre egiten diogun legez. Badakigu lohia zuzen erabili behar dugula loto loreak hazteko. Sufrimendu bloke handiak daude, sufrimendu-masa, baina oinaze txikiak ere badira, zoritxar txikiak. Nola gobernatu oinaze txikiak. Oinaze txikiak gobernatzen badakigu ez daukagu zertan sufritu. Eguneroko kontuak dira. Eguneroko bizitzaren min txikiak. Sufrimendu une txiki horiek gobernatzen dakigu. Etorriko direnei gure praktika jakinarazteko gauza izan behar dugu, guregana datozenei. Ez gara oinaze txikien beldur, eurekin zer egin badakigu eta. Eguneroko bizitzaren zatia dira. Sufrimendu blokea jadanik sortu bada, bera antzematen, besarkatzen jakin behar dugu. Batez ere, nola zuzen erabili Sangharen energia kolektiboa bera besarkatzeko. Praktikante berriak bagara, praktikan hasiberriak bagara, ezin izango dugu gure sufrimendua besarkatu, gure arreta ez baita oraindik behar beste indartsu. Sangharen arretarako energia kolektiboa erabili dezakegu gure sufrimendu blokea antzeman eta besarkatzeko. Sufrimendu hori aitarengandik dator agian, amarengandik, arbasoengandik. Bera antzeman, besarkatu eta eraldatuz gero, gure gurasoentzako egingo dugu hori, gure arbasoentzako. Adeitsua da hori eurentzako egitea eta sufrimendua gure semeei eta euren semeei ez uztea. Samsararen amaiera. Plum Villageko praktikari buruz irakurtzen dutenek, bakeari, senidetasun energiari buruz entzuten dutenek, hona etorri eta gurekin jesarri eta ibiltzean energia kolektibo hori benetakoa dela sumatzen dute, ez da ahotan dabilen zerbait soilik. Arreta osozko eta bake energia kolektiboak zu besarkatzen uzten baduzu askoz hobeto sentitzen zara. Sufrimendua aldatzen hasten dela ikusten duzu. Beraz, Sanghan aterpea hartzea oinarrizko praktika da. Monjeak, praktikante laikoak, elkarrekin jesarrita, bakean, beren arreta osozko energia oso indartsua daiteke. Eurekin jesartzen badakigu eta energia horrek gure sufrimendua besarkatu dezala onartu, ibaian doan tanta bat izango gara eta askoz hobeto sentituko gara. Ez dago ezer egiterik. Gure sufrimendua Sangharen energiak besarkatzen uzten dugu. Sanghak datozenei egin ahal dien oparirik ederrena da. Gauza asko prestatu behar dugu erretirorako, gauza asko egin dezakegu. Egin ahal dugu garbitu, txukundu, bazkaria prestatu, gauza anitz egin dezakegu erretirorako. Jendeari lagundu ahal diogu, erretiroa erraztu. Baina eman dezakegun gauzarik onena, eman dezakegun gauzarik preziatuena ez da gure lana. Eman ahal diegun gauzarik onena gure energia kolektiboa da, gure arreta osoa, bakea. Beraz, meditazio jesarrietan, ibilietan, bertan egoten saiatu beharko ginateke. Energia kolektibo horrek lagunduko dielako, lasaituko ditu, beren sufrimendua besarkatzen lagunduko die ibili, jesarri, arnastu ahal dezaten. Euretako askok ezin baitute arnasik hartu. Ezin dira ibili, ezin dira jesarri. Energia kolektibo horrekin, Sangha garenez daukagun arreta osoaren eta bake energiarekin, aukera emango diegu arnasa har dezaten, ibili eta jesarri ahal daitezen. Egin diezaiegun oparirik onena da Sangha gisa. Ez da lan astuna. Eman dezakegun gauzarik onena da, bakezko, pozezko, senidetasunezko energia. Datozenek zorte handia dute aste oso bat dutelako libre gurekin egoteko. Askok nahi izango zuten hori egin, baina ezin dute. Ez daukate astirik, ez daukate dirurik. Beraz, datozenek zorte handia dute sangharekin egoteko zazpi egun dituztelako. Horretaz ohartu behar gara. Eta ahaleginak egin behar ditugu aldatu eta sendatzeko aukera emateko. Thayk esango die, erretiroaren lehen egunean, sendatzea posiblea dela, hor bertan, erretiroan. Ez erretiroaren ondoren, erretiroan bertan baizik. Esandakoa egiten badute, arnasa hartu, jesarri, ibili, sendatzea posiblea da urrats bakoitzeko. Sendatzea posiblea da arnasketa bakoitzeko. Hori da egia. Ez dago sendaketarako biderik, sendaketa da bidea. Esan egin behar diegu sendatzeko gelditu egin behar direla. Sendatzeko lasaitu egin behar gara. Gelditzen ez badira ezin izango dira sendatu. Ezin izan dira sendatu ez direlako gelditu. 5 entrenamenduak irakaspen garrantzitsua dira. Arreta osorako bost entrenamenduak gelditzeko dira, ekintza hura, pentsamendu hura, ondoeza sortzen duena, gaixotasuna. Bost entrenamenduak badira ere sendatzeko ahalmena duten pentsamendu eta ekintzak. Bost entrenamendurik gabe sendatzea ezinezkoa da. Gelditzea oso garrantzitsua da. Gelditu eta sendatu, hori da ere Hego Korean emango dugu irakaskuntzaren gaia. Gelditzen jakinez gero, sendatzea une horretan gerta daiteke, urrats bakoitzeko, arnasketa bakoitzeko. Datozenak geldiarazteko gauza izan beharko ginateke. Sufritzera eramaten dituen hori egiteari utzi, haserrera, etsipenera. Ondo jakingo dute sendatzeko zer gelditu behar duten. Esango diegu nola gelditu ahal izan dugun guk geuk eta sendatzen hasi. Gure eskarmentua beraiei ezagutarazi. Gelditzea erabakitzen duzun une horretan arina sentitzen zera, berehala igartzen duzu sendatzen ari zarela. Aparteko unea da hori, gelditzea erabaki duzun hori. Gero esango diegu egunero une zoriontsuak sor ditzakegula. Badira zorion txikiak, egunean edonoiz sortu ditzakegunak. Hori ere arte bat da. Zorionaren artea. Katilu bat te edaten, ibiltzen, edo jesarri eta inguruari so egiten, une zoriontsu bat sor dezakezu. Eta zoriona sortzeko behar dituzun zenbait osagai aurkitu ahal dituzu. Arreta osoa zorion, poz iturria dela badakigu. Jendea zorionik ez duela dio, eta esan behar diegu badituztela zoriontsu izateko baldintzak. Zoriontsu izateko jadanik dituzten baldintzak ikusten lagundu. Hor dira gerezi loreak, baina ez dira gauza begiratu eta gerezi loreez gozatzeko. Hor da eguzkiaren argia, heltzen ari den udaberria. Guzti horiek bizitzaren mirariak dira. Baina zerbaitek harrapatu die burua. Ez dira gauza zorionerako baldintza hauek ikusteko. Badute gorputz bat, baina ez dute gorputzerako sarrerarik. Arraroa da. Ba duzu gorputza, baina ezin zara gorputzera heldu. Ezin zara gorputzera itzuli. Ezin duzu gorputza ukitu eta esan: hau da nire gorputza. Arretarik ez daukazulako. Ordenagailuan hiru ordu ematen dituztenean gorputzik dutela ahaztu egiten dute. Hor gelditzen dira, mundu irrealean. Horregatik Plum Villagen, gure neba-arrebek arreta osorako kanpaia programatzen dute noizean behin geldiaraztea gogoratzen dietena, gorputzera itzuli eta arnasa har dezaten, arnasaren kontzientzia erabili gure gorputza igartzeko eta bera ukitzeko. Gorputza deitzen ari zaigu agian baina ez dugu ezer ez entzuten. Gorputzak behar gaitu baina ez dugu entzuten. Gure gorputza ukitu ahal badugu gure sentsazioak ere ukituko ditugu. Sentsazio asko daude guri deika. Sufrimendua guri deitzen dabilen umea da. Sufritzen duen umea, guri deika. Baina ez dugu entzuten barruko umearen ahotsa. Sentsazioak umeak baitira. Arreta osoak laguntzen digu ez bakarrik sufrimendua ukitzen bera besarkatu eta eraldatzeko. Arreta osoak laguntzen digu ere bizitzaren mirariak ukitzen, gure gorputza barne. Arnasa hartzea gozo-gozoa izan daiteke. Arnasa botatzea gozamen hutsa izan daiteke. Arnasa hartzeaz gozatzen duzu. Irudikatu monje bat, larrean eserita. Ez du ezer ez egiten. Arnasa hartu eta horretaz gozatzen da. Libre da. Arazoetatik libre, haserretik libre, grinatik libre. Bere gorputza ukitu ahal du, zeru garbia, berde kolorea, datorren udaberria. Hori egin ahal izan beharko genuke, datozenei gogorarazteko eurek ere zorion uneak sor ditzaketela. Eguneroko zorion une txikiak. Gozatzen ikasi. Eguneroko zorion xeheetaz gozatzen ikasi. Hori posible da. Jende trebe asko dago. Diploma bat lor dezakete. Asma ditzakete aparatu berriak. Gauza asko egin dezakete. Galdetuko diegu: sortu al dezakezu zorion une bat? Gorputza erabili al dezakezu, arnasa erabili al dezakezu, arreta erabili al dezakezu zorion une bat sortzeko, zorion sentsazio bat sortzeko? Zopa egiten dugun eran. Zopa egiteko behar ditugu ura, barazkiak, tofua, etab. Gehienek zopa ederrak egin ahal ditzakegu. Zorion xehe bat zoparen antzekoa da. Zenbait osagairekin zorion une bat sortu ahal dugu, bai guretzat eta bai besteentzat ere. Zure zopa beste bati eskaini ahal diozu. Zorion une bat asmatu, sortu ahal baduzu beraz gozatu ahal zara eta beste bati eskaini. Hau arte bat da. Zorionaren artea. Gozatzen ikasi behar dugu. Ekoiztu poz eta zorion sentsazio horiek egunero. Zorion une txiki horiek dastatzen ikasi behar dugu. Dastatzen ikasi eguneroko zorion txikiak. Eta horrelakoak sortu. Badakigu nola geldiarazi pentsamenduaren etengabeko irratia, zoriona sortzeko. Barruko irratia martxan uzten baduzu, ezin izango duzu ezer egin. Etengabeko diskurtsoa dagoelako buruan, gau eta egunez martxan dagoena buruan. Iraganari buruz pentsatzen duzu, iragana gogorarazten duzu, etorkizunaren beldur zara, eta pentsatzen jarraitzen duzu. Horrek zure espazio osoa hartzen du, ez duzu zeure bizitza bizitzeko astirik. Oso garrantzitsua da barruko irratia geldiaraztea, etengabeko pentsamendua. Hori delako hausnarrean ibiltzearen praktika. Behin eta berriz jan eta mastekatzen dugu gure sufrimendua, gure kezka, eta hori ez da osasunarentzako ona. Lagundu beharko genieke euren kontzientzia jateari uzteko. Laugarren elikagaia horretaz da. Kontzientzia elikagai denean. Gure kontzientzian sufrimendua dago, damua, samina, etab. Berpizteko ohitura dugu, kontzientziaren hondotik atera eta behin eta berriz mastekatu. Hori ez da osasuntsua. Ez da janari osasungarria. Buruaren diskurtsoa gelditzea oso garrantzitsua da praktikan. Bitxia da, Plum Villagen ez dugu alkoholik edaten, ez eta okelik jaten ere, baina ez pentsatzea eta berbarik ez egitea ere eskatzen dugu. Ibiltzen gabiltzala hitz egin edo pentsatuz gero irratia martxan uzten dugu eta bere biktimak bihurtzen gara. Iraganaren, etorkizunaren, kezken biktima gara. Ez dugu gure bizitza bizitzen. Gure bizitza bizitzeko barruko irratia itzali behar dugu. Barruko hizketaldia. Nola gozatu zure urratsez irratia martxan uzten baduzu? Horregatik hain da garrantzitsua barruko irratia gelditzea. Sentitu, pentsatu beharrean. Oinekin lurra ukitzean sentitu egin beharko genuke. Sentsazio hutsak jakituria ekar lezake. Sentsazioan kontzentratzen gara: ezkerreko oinarekin ama lurra ukitzen dut. Berehala ukitzen dituzu bizitzaren mirari eskuragarriak, ezkerreko oinarekin lurra ukitzen duzun bitartean. Eta poztasun sentsazio zoragarria daukazu. Ongizatea. Hau egitean, pentsamendua geldi dezakezu. Pentsatzeari utzi, hau egiteko, hau egin, pentsatzeari uzteko. Pentsatu beharrean sentitu, hori da gure praktika. Zure gorputza sentitu. Sentsazio bakoitzaz jabetu. Besarkatu. Hori da gure praktika. Eta sendatzea posible da. Jateko onuragarriz hornitzen gara. Ez dugu etengabe gure beldurra, pena, haserrea mastekatzen, osasunerako ona ez dena. Merezi dugun jateko osasuntsua jasotzen hasten gara. Eta inguruko Sangha hortxe dago, praktika gogorarazteko. Horrela ikasten dugu alai eta zoriontsu ibiltzen. Meditazio ibilia ez da lan astuna. Ez da betebehar bat. Zorion uneak sortzeko aukera bat da. Zorion uneak sortzeko aukera ona da, eta sendatzeko. Meditazio ibilia. Sangharekin edo bakarrik zabiltzala. Sangharekin bazabiltza, taldearen energiaz baliatzen zara. Bakarrik bazabiltza, bake eta arreta osoaren energia zabaltzen duzu. Eta besteei gogorarazten diezu zu bezala ibiltzeko. Praktikaren edozein unek sendatu ahal zaitu eta besteei sendatzen lagundu. Ez zuri bakarrik, besteei ere sendatzen laguntzen die. Ederra da campusean anai edo arreba bat arretaz ibiltzen ikustea. Nutritiboa, osasungarria. Sangharekin zabiltzala edo zure kabuz, zure urratsak oso garrantzitsuak dira guretzako. Hona datozenak, horrela gabiltzala ikusten gaituztenean praktikan eta Dharman fedea hartzen dute. Jaten dugunean jateko era bat egon behar du une bakoitza osasungarri egingo duena. Ez gara jakiz soilik elikatzen, Sanghak ere elikatzen gaitu. Elkarrekin jatean arreta osoko energia sortzen baitugu, arreta oso eta senidetasuneko energia kolektiboa. Eta hori oso osasuntsua da, sendagarria. Horrela jatean, pentsamendua gelditzen duzu eta inguruko Sanghakideez jabetzen zara. Bakoitzak sortzen du bake, senidetasun energia. Sendagarria da, janari ona. Elkarrekin jatea praktika bat da. Ez da lan astuna, betebeharra. Meditazio jesarria ere. Meditazioa jesarrita sendatzeko aukera da, poz uneak sortzeko ere. Ez ba besterik gabe bertan egoteko unea, kanpaia noiz jo zain, meditazioa bukatzeko. Ez. Hori denbora galtzea litzateke, xahutzea. Une eskasak, preziatuak dira. Jendeak ez du jesarrita egoteko astirik, ezer egin barik. Ekonomiaren kontrakoa omen da. Luxua. Denbora dirua da. Baina badakigu jesartzea oso osasuntsua izan daitekeela. Jesarrita gauden une bakoitzaz gozatzen ikasi behar dugu, nola arnastu jesarrita gauden une oro nutritiboa, osasungarria izan dadin. Hori jakinez gero, egitaraua geuk egindakoa izango da, ez alderdi politiko batek inposatutakoa. Edo erregeak ezarritakoa. Sangha da egitaraua egin duena, beraz ondo baliatu gaitezen gu eraldatzeko eta sendatzeko. Inork ez digu egitaraua inposatzen, ez Thayk ere ez. Egitaraua Sangha osoak egindakoa da denek aukera izan dezaten aldatu eta sendatzeko. Ez gara kexatu behar egitaraua estuegia delako. Hasi berriek bakarrik behar dute egitarau estu bat. Hori da praktikatzen duenaren funtsa: egitarau bat izan. Badakigu Sangharekin egitea errazagoa dela, atseginagoa. Kanpaiak, meditaziora doan Sanghak, laguntzen digute. Denek meditaziora joatea lagungarria da guztiz. Horrela, geuk era naturalean goaz meditaziora. Ez ditugu ahaleginak egin behar. Sutra askotan esaten da Dharma atsegina, ederra dela, hasieran, erdian eta amaieran. Praktikako minutu bakoitzak izan behar du atsegina, osasungarria eta eraldatzailea.