Nire anaia Chucks eta nire lagunik onena, Ike, talde antolatzaileko partaide dira, hortaz, etortzeko eskatu zidatenean, ezin nien ezezkorik eman. Oso pozik nago. Afrikaz arduratzen den talde zoragarria da. Zoriontsua naiz hemen egoteagatik. Esan didatenez, munduko neskatorik eder eta zoragarriena entzuleen artean dago, Kamzia Adichie du izena, eta zutitzea nahi nuke... nire iloba da! (Txaloak) Okuloma zen nire haurtzaroko lagunik onenetakoa. Kale berean bizi ginen, eta neba zaharra balitz bezala zaintzen ninduen. Mutiil bat atsegin banuen, Okulomari eskatzen nion iritzia. 2005eko abenduan, hegazkin-istripu batean hil zen Okuloma, Nigeriako hegoaldean. Duela zazpi urte, hain zuzen. Okulomarekin eztabaida nezakeen, barre egin, edota gai serioez hitz egin. Hark deitu zidan lehenik “feminista”. 14 urte inguru izango nituen. Haren etxean geunden, eztabaidan, biok ere irakurritako liburu guztietako ezagutza mordoa ezin digerituta artean. Ez dut gogoratzen zehazki zeri buruz ari ginen eztabaidan, baina gogoan dut nire erretolikaren erdian Okulomak zera esan zidala, begietara begira: —Badakizu feminista zarela? Ez zen konplimendua. Tonuagatik ohartu nintzen, tonu horrekin berarekin esan baiziezadakeen “terrorismoa babesten duzu”. (Barreak) Nik ez nekien zer esan nahi zuen, zehazki, “feminista” hitz horrek. Baina ez nuen nahi Okuloma nire ezjakintasunaz ohar zedin. Ez nuen aintzat hartu eta eztabaidan jarraitu nuen. Etxera iritsi bezain laster, baina, hitza hiztegian bilatzeko lana hartu nuen. Egin dezagun jauzi denboran. 2003an eleberri bat idatzi nuen emaztea jotzen duen gizon bati buruzkoa. Istorioa ez da ongi amaitzen. Nigerian eleberria sustatzen ari nintzen bitartean, asmo oneko gizonezko kazetari batek aholku bat eman nahi zidala esan zidan. Agian jakingo duzuen bezala, Nigeriarrak beti izaten dira eskatu gabeko aholkuak emateko prest. Aipatu zidan jendeak zioela eleberria feminista zela, eta haren aholkua — buruarekin ezetz eginez, triste bezala — nire burua feminista gisa ez aurkeztea zen, feministak zoritxarrekoak izaten direlako eta ezin izaten dutelako senarrik aurkitu. (Barreak) Hortaz, “feminista zoriontsu” gisa aurkeztea erabaki nuen. Garai berean, akademiako emakume nigeriar batek esan zidan feminismoa ez zela afrikar kulturaren parte eta nire burua feministatzat nuela “Mendebaldeko liburuen” eraginpean nengoelako. Barre egin nuen, nire gaztaroko irakurgai gehienak benetan antifeministak izan zirelako. 16 urte egiterako, irakurriak nituen Mills & Boonek argitaratutako eleberri erromantiko guztiak. Eta “feminismoaren testu klasikoak” irakurtzen saiatu nintzen bakoitzean, aspertu, eta lanak izaten nituen amaitzeko. Edonola ere, feminismoa antiafrikarra zenez, nire burua “feminista zoriontsu afrikar” gisa aurkezten hastea erabaki nuen. Halako batean, gizonak gorrotatzen ez dituen eta ezpain-margoa eta takoiak bere, eta ez gizonezkoen, gusturako daramatzan feminista zoriontsu afrikarra izatera ere iritsi nintzen. Noski, horren zati handi bat ironia baino ez zen, baina “feminista” hitzak jasaten duen konnotazio-gainkargaren adierazgarria da. Gizonak gorrotatzen dituzu, titi-zorroak gorrotatzen dituzu, kultura afrikarra gorroto duzu... Haurtzaroko istorio bat kontatuko dut. Lehen hezkuntzan nengoela, hiruhilekoaren hasieran azterketa jarriko zigula esan zigun irakasleak, eta nota onena ateratzen zuena ikasgelako begiralea izango zela. Ardura hori izatea ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula. Ikasgelako begiralea izanik, zalaparta sortzen zutenen izen-abizenak hartu behar zenituen, —botere-mozkorraldia eragiten du horrek― baina gure irakasleak, gainera, makila ematen zizun, eskuan eraman zenezan zalapartarien bila ikasgela goitik behera zeharkatzen zenuen bitartean. Jakina, makila erabiltzea ez zegoen baimenduta. Baina egoera zirraragarria zen hura, 9 urteko ni bezalako neskato batentzat. Ikasgelako begiralea izateko irrikan nengoen, eta notarik onena atera nuen azterketan. Nire harridurarako, irakasleak esan zuen begiraleak mutila izan behar zuela. Hori ez zuen aldez aurretik azaldu; jakintzat eman zuen xehetasun hura. (Barreak) Bigarren nota onena mutiko batek atera zuen, hortaz, mutikoa izan zen begiralea. Interesgarriena da mutiko hura izaki gozo eta atsegina zela; ez zuen inolako interesik, makila eskuan, ikasgela zeharkatzeko. Ni, aldiz, irrikan nengoen, esan bezala. Baina ni emakumea nintzen, eta hura gizona; hortaz, mutikoa izan zen begiralea. Sekula ez dut ahaztu gertaera hura. Sarri akats bera egiten dut: pentsatu ohi dut niretzat agerikoa dena besteentzat ere hala izango dela. Adibidez, Louis lagun maitea, gizon azkar eta progresista. Gure arteko elkarrizketetan, zera esaten zidan: "Ez dakit zergatik diozun emakumeentzat gauzak ezberdinak eta zailagoak direla. Beharbada, izango ziren lehen, baina ez gaur egun" Nik ez nuen ulertzen Louis gai ez izatea itxuraz hain agerikoa zena ikusteko. Halako gaualdi batean, Lagosen, Louis eta biok irten ginen, lagunekin batera. Lagos ezagutzen ez duzuenontzat, bada osagai zoragarri bat hiri-altzarien artean: energiaz betetako gazteak, hainbat saltokiren aurrean zain egoten direnak eta, keinu nabarmenak eginez, autoa aparkatzen “laguntzen” dizutenak. Bereziki harritu ninduten gau hartan aparkalekua aurkitu zigun gizonaren keinuek. Hala, bagindoazenean, eskupekoa ematea erabaki nuen. Poltsa ireki, dirua ateratzeko eskua sartu, eta gizonari eman nion, Eta gizonak, pozik eta esker onez, dirua onartu, eta zera esan zuen, Louisi begira: —Eskerrik asko, jauna! (Barreak) Louisek, niri begira harrituta, galdetu zuen: —Zergatik eman dizkit niri eskerrak? Dirua ez diot nik eman. Orduan, azkenean ulertu zuela ikusi nuen haren aurpegian. Gizonak uste zuen nik emandako dirua Louisena zela. Louis gizona delako. Ezberdinak gara gizonak eta emakumeak. Hormona ezberdinak, sexu-organo ezberdinak, eta gaitasun biologiko ezberdinak ditugu: emakumeek haurrak izan ditzakete; gizonezkoek ez. Oraingoz behintzat. Gizonek testosterona gehiago eta, oro har, indar fisiko handiagoa dute. Munduan, biztanleria femeninoa pixka bat handiagoa da, munduko biztanleen %52 dira emakumeak. Hala ere, boterea eta prestigiozko kargu gehienak gizonezkoen eskuetan daude. Wangari Maathai Bake Nobel saridun kenyarrak, oso argi eta zuzen azaldu zuen: “Zenbat eta gorago iritsi, orduan eta emakume gutxiago aurkituko dituzu”. AEBetako azken bozetan, etengabe entzun genuen Lilly Ledbetter Legearen berri, baina, aliterazio arranditsutik harago joanez gero, egoera honi erantzun nahi zion lege horrek: gizon batek eta emakume batek lan bera egin dezakete, prestakuntza bera izanda, baina gizonak ordainsari hobea jasoko du, gizona delako. Hala, zentzu hertsian, gizonezkoek gobernatzen dute mundua. Horrek zentzua zuen orain dela milaka urte. Garai hartan, gizakien iraupenerako ezaugarri behinena indar fisikoa zen; pertsona batek zenbat eta indar fisiko handiagoa izan, orduan eta aukera gehiago buruzagi izateko Oro har, indartsuagoak dira gizonezkoak fisikoki. Noski, salbuespen asko daude. Gaur egun, erabat bestelakoa da mundua. Buruzagia izateko gaitasun handiena duena ez da orain indar fisiko handiena duena, baizik eta azkarrena, ezagutza gehien dituena, sortzaileena edota berritzaileena. Ezaugarri horiek izateko, ez dago hormonen beharrik. Emakumeak gizonak adinako adimena izan dezake, eta hura bezain sortzailea eta berritzailea izan daiteke. Eboluzionatu egin dugu; generoari buruzko ideiak, aldiz, ez dira maila berean bilakatu. Orain gutxi, Nigeriako hotelik onenetako baten atartean sartu nintzenean, —pentsatu nuen izena aipatzea, baina ez dut egingo— atezain batek geldiarazi eta hainbat galdera deseroso egin zizkidan. Mundu guztiak automatikoki pentsatzen baitu hotel batean bakarrik sartzen den emakume nigeriarra sexu-langilea dela. Bidenabar, zergatik jartzen dute hotel horiek arreta ustezko hornitzean eta ez sexu-langileen eskarian? Lagosen, giro oneko klub eta taberna asko daude, baina ezin naiz bakarrik sartu. Emakumeari ez diote bakarrik sartzen uzten, gizon batek lagunduta sartu behar du. Nigeriako jatetxe batean gizon batekin sartzen naizenero, zerbitzariak gizona agurtzen du, eta ez ikusiarena egiten dit. Zerbitzariak produktuak dira... Gizonak emakumeak baino garrantzitsuagoak direla irakatsi dien jendarte baten ondorio dira zerbitzariok. Jakin badakit ez dutela asmo txarrez egiten, baina gauza bat da zerbait jakitea, eta beste bat maila emozionalean sentitzea. Aintzat hartzen ez nauten bakoitzean, ikusezin sentitzen naiz. Haserretu egiten naiz. Gogoa izaten dut gizona bezain gizaki naizela eta agurra berdin-berdin merezi dudala esateko. Txikikeriak dira, baina, batzuetan, gauza txikienak izaten dira mingarrienak. Orain gutxi, artikulu bat idatzi nuen Lagosen emakume gaztea izatearen esperientziari buruz. Editoreek esan zidaten amorruz betetako artikulua zela. Noski amorruz beteta zegoela! (Barreak) Amorratuta nago. Egungo egoera, generoari dagokionez, oso bidegabea da. Guztiok egon beharko genuke haserre. Amorruak historia luzea du, aldaketa positiboen eragile gisa; baina, amorruaz gain, badut itxaropena ere. Irmo sinesten dudalako gizakiek gaitasun handia dutela beren burua onerako berreraikitzeko. Generoak badu garrantzia mundu osoan, baina Nigerian jarri nahi dut arreta, eta Afrikan orokorrean, hori baita ezagutzen dudana, eta bihotzean eramaten dudana. Gaur, bestelako mundu bat egiteko planarekin amesten has gaitezen eskatu nahi nuke. Mundu bidezkoago bat, beren buruarekin zoriontsuago eta zintzoago izango diren emakumeez eta gizonez osatutako mundua. Hauxe da horretan hasteko modua: beste era batean hezi behar ditugu alabak, baita semeak ere. Gure semeak hazteko moduak ez die haiei batere mesederik egiten. Umeen gizatasuna erreprimitu egiten dugu. Maskulinitatea estu-estu zedarritzen dugu, kaiola txiki eta gogorra da maskulinitatea, eta hantxe sartzen ditugu mutikoak. Ahuleziaren, sentiberatasunaren eta izuaren beldur izaten irakasten diegu. Benetan nor diren ezkutatzen irakasten diegu, “gizon gogorrak” izan behar dutelako, Nigerian esaten dugun bezala. Bigarren hezkuntzan, mutiko bat eta neskato bat, nerabeak biak, elkarrekin ateratzen dira, patrikan sosik ez dutela. Berdin dio, mutikoak ordaindu behar du kontua beti, haren maskulinitatea agertzeko. Gero, gure buruari galdetuko diogu zergatik lapurtzen dieten mutikoek dirua gurasoei. Neskei eta mutilei ez bagenie irakatsiko maskulinitatea eta dirua elkarrekin lotzen? Euren jarrera ez balitz izango “mutilak ordaindu behar du” baizik eta “ordain dezala gehien duenak”? Noski, abantaila historikoari esker, gizonak eduki ohi du gehien gaur egun. Seme-alabak bestela hazten hasiko bagina, berrogeita hamar edo ehun urte barru, mutilek ez lukete euren maskulinitatea erakutsi beharraren presioa sentituko. Hala ere, mutikoei egiten diegun gauzarik okerrena, gogorrak izan behar dutela sentiarazita, ego hauskorrak bereganatzera bultzatzea da. Gizon bat gogorra sentitzera zenbat eta gehiago behartu, orduan eta hauskorragoa haren egoa. Neskatoei ere mesede eskasa egiten diegu, ego maskulino hauskor horren zerbitzura egoteko hazten ditugulako. Neskei euren burua txikitzen, gutxiagotzen irakasten diegu. Neskatoei esaten diegu: “Izan dezakezu handinahia, baina ez gehiegi" "Arrakasta izaten saiatu behar duzu, baina ez gehiegi, bestela, gizonezkoei mehatxu egingo diezu". Gizon batekiko harremanean sostengu ekonomikoa bazara, disimula ezazu, jendaurrean batik bat; bestela, gizona zikiratuko duzu. Zer gertatuko litzateke, hori auzitan ipiniko bagenu? Zergatik izan behar du emakumearen arrakastak mehatxu gizonarentzat? Eta hitz hori, “zikiratu”, baztertuko bagenu, besterik gabe? Ez dakit baden ere gehiago gorrota dezakedan beste hitzik. Ezagun nigeriar batek galdetu zidan behin ea gizonezkoak kikiltzeak kezkatzen ninduen. Ni ez ninduen batere kezkatzen horrek. Horretan pentsatu ere ez nuen egin, nik kikiltzeko moduko gizon bat batere interesik sortzen ez didan gizona delako. (Barreak) (Txaloak) Hala ere, harritu egin ninduen galderak. Emakumea naizenez, ezkontza da niretzat espero dena. Nigandik espero dena da bizitzarako erabakiak hartzea, sekula ahaztu gabe ezkontza dela garrantzitsuena. Senar-emazte bizimodua ona izan daiteke, plazera, maitasuna eta elkarrenganako babesa izan daitekeen neurrian. Zergatik irakasten diegu neskatoei horren zain egoten eta mutikoei, aldiz, ez? Emakume nigeriar ezagun batek etxea saltzea erabaki zuen ez zuelako kikildu nahi berarekin ezkondu nahiko zuen gizona. Nigeriako emakume ezkongabe ezagun batek, mintegietara joaten denean, ezkontza-eraztuna eramaten du, berak dioenez, mintegian dauden beste lankideek “errespeta dezaten” nahi duelako. Ezagutzen ditut familiaren eta lagunen aldetik, baita lan-esparrutik ere, ezkontzeko presio handia duten gazteak, eta presio horrek erabaki ikaragarriak hartzera eramaten ditu. Ezkongabetasuna porrot pertsonaltzat hartzen irakasten die gure gizarteak adin bateko neska ezkongabeei. Aitzitik, adin bateko gizona oraindik aukeratzen ari delako izango da ezkongabea. (Barreak) Erraza da esatea emakumeek “ez” esan diezaioketela horri guztiari. Errealitatea zailagoa eta konplexuagoa da. Guztiok gara izaki sozialak. Denok barneratzen ditugu ideiak sozializazioaren bidez. Gure mintzairak ere horixe frogatzen du. Ezkontzarekin loturiko hizkera maiz oinarritzen da jabetzan adiskidetasunean oinarritu beharrean. “Errespetu” hitza erabiltzen dugu emakumeak gizonari zor diona adierazteko baina ia inoiz ez gizonak emakumeari zor dionaz mintzatzeko. Nigerian gizonek zein emakumeek esaten dute —barrea eginarazten didan esaldia da— "Honakoa egin dut, senar-emazte bizimoduan bakea izateko". Gizonek esaten dutenean, egin beharko ez luketen zerbaitez ari dira. (Barreak) Batzuek euren lagunei esaten diete, samindura-kutsuz esaten diete, azken batean euren maskulinitatea erakusten duen zerbait da: "O, emazteak esan dit ezin naizela gauero joan diskoteketara, eta, horregatik, asteburuetan baino ez naiz ateratzen". (Barreak) Emakumeak dioenean “honakoa egin dut bikote bizimoduan bakea izateko” lanpostu, helburu profesional edota amets bati, uko egin diotelako izan ohi da. Neskei erakusten diegu emakumeek egiten dutela uko gehien gizonen eta emakumeen arteko harremanetan. Euren artean lehiakide izateko hazten ditugu emakumeak, gizonezkoen arretari begira, eta ez lanpostu edo lorpenetan lehiakide. Emakumeei izaki sexualak ezin direla izan irakasten diegu, ez gizonen maila berean. Semeak izanez gero, ez zaigu axola neska-laguna dutela jakitea. Baina gure alabek mutil-laguna? Jainkoarren, ez. (Barreak) Baina, noski, unea iristean, espero dugu gizon perfektua ekarriko duela etxera, harekin ezkon dadin. Poliziarena egiten dugu neskekin. Euren birjintasunaz laudorioak egiten dizkiegu; mutilei, ordea, ez. Neure buruari galdetzen diot nolatan ote den hori, zeren... (Barreak) (Txaloak) birjintasuna galtzea genero ezberdineko bi pertsona behar dituen prozesua baita... Duela gutxi, neska bat taldean bortxatu zuten Nigeriako unibertsitate batean. Gutako batzuek ezagutzen dugu kasua. Eta, neska zein mutil, gazte nigeriar askoren erreakzioa halako zerbait izan zen: "Ados, gaizki dago bortxatzea. Baina zertan ari zen emakume hura bakarrik lau mutilekin logela batean?" Ahantz dezagun, ahal izanez gero, erreakzio horren gizagabetasun ikaragarria Emakumeak berez errudunak direla pentsa dezaten hezi dituzte nigeriar horiek, eta gizonezkoengandik hain gutxi espero izateko hazi dituzte, ezen izaki basati eta autokontrolik gabeak izan daitezkeelako ideia ere onargarri samarra izan daitekeen. Lotsatiak izaten irakasten diegu neskei. “Itxi hankak” “Estal zaitez” Emakume jaiotze hutsagatik zerbaiten errudun direla sentiarazten diegu. Eta gertatzen dena da neskatoak desira esperimentatzen dutela esan ezin duten emakume bihurtzen direla. Benetan pentsatzen dutena esan ezin duten emakume bihurtzen dira. Eta, hauxe da okerrena, arte bilakatu dute itxurak egitea. (Txaloak) Ezagutzen dut emakume bat etxeko lanak gorroto dituena, benetan gorroto ditu, baina gustatzen zaizkiolako plantak egiten ditu, irakatsi diotelako “ezkongai egokia izateko" “etxeko emakumea” izan behar duela —Nigeriako beste kontzeptu bat erabilita—. Azkenean ezkondu egin zen. Aurki hasi zen senarraren familia kexaka, aldatu egin zela esanez. Ez zen aldatu, plantak egiteaz nekatu zen, besterik gabe. Generoaren arazoa zera da, nolakoak izan behar dugun agintzen digu, benetan nolakoak garen aintzat hartu beharrean. Imajinatu zein zoriontsu, libre izango ginatekeen, benetan garena izanez, generoaren espektatiben zama nozitu gabe. Ukaezina da mutilak eta neskak ezberdinak direla biologikoki, baina sozializazioak puztu egiten ditu ezberdintasun horiek, eta gero hasten da atzera elikatzen den prozesua. Errepara iezaiozue, adibidez, sukaldeari. Gaur egun, eskuarki emakumeak arduratzen dira sukaldean egiteaz eta garbitzeaz. Baina zergatik? Emakumeak sukalderako genearekin jaiotzen direlako, (Barreak) edo sukaldean aritzea euren zeregina dela sinesteko sozializatu dituztelako? Sukaldean aritzeko genearekin jaio direla esan behar nuen baina orduan gogoratu naiz munduko sukaldari ospetsu gehienak, “chef” titulu dotorea jasotzen duten horiek, gizonezkoak direla. Nik amona miresten nuen, emakume bikaina zen, eta nire buruari galdetzen nion nolakoa izango ote zen gizonezkoen aukera berak izan balitu. Egun, aukera gehiago ditugu emakumeok nire amonaren garaian baino, politikan eta legeetan izandako aldaketei esker, eta oso garrantzitsuak dira horiek. Eta, hala ere, generoari buruzko gure jarrerak eta pentsaerak pisu handiagoa izaten jarraitzen dute. Zer gertatuko litzateke gure seme-alabak heztean generoari baino, gaitasunari erreparatuko bagenio? Eta generoari baino, interesei erreparatuko bagenie? Ezagutzen dut bi seme-alaba dituen familia bat. Eskolan distiratsuak dira, ume zoragarriak dira. Mutila gose denean, gurasoek esaten diote neskari: “Zoaz nebari berehalako fideo batzuk prestatzera”. Neskatoak ez du atsegin berehalako fideoak prestatzea, baina neska da, eta ezinbestean egin behar du. Lehen unetik gurasoek biei irakatsi izan baliete sukaldean egiten, zer? Sukaldean aritzea gaitasun praktikoa da mutil batentzat ere. Beti pentsatu izan dut ez duela zentzu handirik halako funtsezko kontu bat, nork bere burua elikatzeko gaitasuna, inoren esku uzteak. (Txaloak) Nire ezagun batek senarraren titulu akademiko eta lanpostu berdinak ditu. Lanetik bueltan emakumeak egiten ditu etxeko lan gehienak, senar-emazte askorekin gertatzen den bezalaxe, baina egun batean arreta eman zidan gizonak haurtxoari pixoihala aldatzen zion bakoitzean, emakumeak eskerrak ematen zizkiola. Zer gertatuko litzateke emakumeak ohiko eta normaltzat joko balu gizonak haurtxoa zaintzen laguntzea? Saiakera egiten ari naiz hazi bitartean barneratutako genero-ikasgai asko desikasteko. Hala ere, batzuetan kaltebera sentitzen naiz oraindik ere genero-espektatiben aurrean. Lehen aldiz graduondoko idazketa-eskola eman nuenean kezkatuta nengoen. Ez ikasgai-zerrendagatik, ondo prestatuta nuelako eta gustuko gaia irakatsiko nuelako. Jantzi behar nuen arropak kezkatzen ninduen. Serio har nintzaten nahi nuen. Jakitun nintzen emakume izateagatik nire baliozkotasuna erakutsi beharko nuela. Femeninoegi jarduteak kezkatzen ninduen. Ez nindukete serio hartuko. Ezpain-margoa eta gona polit bat jartzeko gogoa nuen, baina halakorik ez egitea erabaki nuen. Oso serio jantzita joan nintzen, oso maskulino eta oso itsusi. Auziaren egia gordina da: itxurari dagokionez gizonezkoa dugu oraindik estandar, arau. Lan-bilerara doan gizonak ez dio bere buruari galdetzen serio hartuko ote duten arroparen arabera. Lan-bilerara doan emakumeak ordea, femeninoegi agertzeaz kezkatu behar du, eta horren arabera hartuko ote duten serio edo ez. Nahiago nuke halako jantzi itsusirik eraman izan ez banu. Izan ere, dagoeneko ez dut armairuan. Ni neu izateko egungo konfiantza izan banu, ikasle haiek etekin handiagoa aterako zieten nire eskolei. Erosoago sentituko nintzelako, eta “ni neu” gehiago, modu osoagoan eta benetakoagoan. Nire feminitateaz gehiago ez lotsatzea erabaki dut. (Txaloak) Eta errespetua nahi dut, naizen bezain femeninoa izanda, merezi dudalako. Ez da erraza generoari buruzko elkarrizketak izatea. Gizonekoek nahiz emakumeek joera izaten dute genero-arazoei garrantzia berehala kentzeko. Irudika dezaket hemen hainbat lagun euren buruari esaten: "Emakumeak, benetakoak"? Gizonezko batzuek pentsatuko dute: "Ados, hori dena interesgarria da, baina nik ez dut horrela pentsatzen". Hortik dator, izan ere, arazoaren zati bat. Gizon askok ez dutelako aktiboki pentsatzen generoan eta ez diotelako erreparatzen. Generoaren arazoaren zati bat da hori. Gizon askok esaten dutelako, Louis lagunak bezala, orain ondo dagoela dena. Eta gizon askok ez dutelako ezertxo egiten hori aldatzeko. Gizona izanik jatetxe batean sartzen bazara emakume batekin eta zerbitzariak zu bakarrik agurtzen bazaitu, galdetzen al diozu: “Zergatik ez duzu agurtu nirekin dagoen emakumea?” (Barreak) Generoa gai deserosoa suerta daitekeenez, badira elkarrizketari amaiera emateko modu errazak. Badira bilakaera biologikoaz eta tximinoez hitz egiten dutenak, tximino-emeak arren aurrean makurtu egiten direla eta antzekoak aipatuz. Baina kontua da gu ez garela tximinoak. (Barreak) (Txaloak) Tximinoak zuhaitzetan bizi dira, eta zizareak jaten dituzte. Guk ez. Badira esaten dutenak: “Beno, gizonezkoek ere gaizki pasatzen dute”. Eta egia da. Baina hori ez da... (Barreak) Baina hori ez da elkarrizketa honen gaia. Generoa eta klase soziala zapalkuntza modu ezberdinak dira. Gizon beltzekin mintzatzearen mintzatzeaz asko ikasi dut zapalkuntza-sistemez eta elkarrenganako itsutasunaz. Behin batean, genero-kontuez hitz egiten ari nintzela batek zera esan zidan: "Zergatik hitz egin behar duzu emakume gisa? Zergatik ez duzu hitz egiten gizaki gisa?” Bide batez, gizon horrek maiz hitz egiten zuen gizon beltz moduan zuen esperientziaz. Generoak garrantzia du. Modu ezberdinean bizi dugu mundua gizon eta emakumeok. Generoak ematen dio kolorea mundua bizitzeko moduari. Baina aldatu dezakegu. Bada jendea esaten duena: "O, baina emakumeek dute benetako boterea, beheko boterea”. Nigeriako esamoldea da hori, gizonezkoengandik gauzak lortzeko euren sexualitateaz baliatzen diren emakumeei buruzkoa. Baina beheko botere hori ez da benetako boterea. Beheko boterea duen emakumea ez delako boteretsua bere kabuz, beste pertsona baten boterea lortzeko sarbidea baino ez dauka. Jakina, irudika dezakegu zer gertatzen den gizona umore txarrez, gaixorik, edota aldi baterako inpotente dagoenean. (Barreak) Bada esaten duenik emakumeak gizonezkoen menpekoak direla, gure kultura delako. Baina etengabe aldatzen da kultura. Hamabost urteko iloba biki ederrak dauzkat. Lagosen bizi dira. Orain dela ehun urte jaio izan balira eraman eta hil egingo zituzten. Igboen kulturak uste zuelako seinale txarra zela bikiak jaiotzea. Zer zentzu du kulturak? Kulturak herri baten babesa eta iraupena ditu helburu. Gure familian, ni naiz garenari buruzko historian interes handiena duen alaba, gure tradizioaren eta gure antzinako lurren gainekoan. Anai-arrebek ez dute hainbesteko interesik gai horietan. Hala ere, baztertuta nago auzi horietatik, ezin dut joan haien bileretara, ez dut hitzik. Emakumea naizelako. Kulturak ez du jendea egiten, jendeak egiten du kultura. (Txaloak) Emakumeak eskubide guztiak dituzten gizakiak ez izatea gure kulturaren parte bada, orduan gure kultura aldatu behar dugu. Askotan gogoratzen naiz nire lagun Okulomaz, jarrai dezatela bakean atseden hartzen berak eta Sosolisoko hegazkin-istripuan hildako guztiek. Maite dugunok beti izango dugu gogoan. Arrazoi zuen orain dela hainbeste urte feminista deitu zidanean. Feminista naiz. Hitza hiztegian bilatu nuenean, hauxe aurkitu nuen: “Feminista: sexuen arteko berdintasun sozial, politiko eta ekonomikoan sinesten duen pertsona”. Entzun ditudan istorioen arabera, gure birramona ere, feminista zen. Senartzat nahi ez zuen gizonaren etxetik ihes egin, eta berak aukeratutako gizonarekin ezkondu zen. Emakume izateagatik lurrak eta aukerak kentzen ari zitzaizkiola sentitu zuenean, ez zuen onartu; protesta egin, eta egoera salatu zuen. Birramonak ez zuen “feminista” hitza ezagutzen, baina horrek ez du esan nahi ez zenik. Askoz ere jende gehiagok aldarrikatu beharko luke hitza. Neuk ematen dudan definizioaren arabera, feminista da honako hau esaten duen edozein gizon edo emakume... (Barreak) (Txaloak) feminista da honako hau esaten duen edozein gizon edo emakume: "Bai, gaur egun genero-egoerarekin arazorik bada, eta konpondu behar badira, gauzak hobeto egin behar ditugu". Ezagutzen dudan feministarik onena nire anaia Kenny da. Oso gizon atsegin, eder eta maitagarria da, eta oso maskulinoa. Eskerrik asko. (Txaloak)