Nire anaia Chucks eta nire lagunik onena,
Ike, talde antolatzaileko partaide dira,
hortaz, etortzeko eskatu zidatenean,
ezin nien ezezkorik eman.
Oso pozik nago.
Afrikaz arduratzen den
talde zoragarria da.
Zoriontsua naiz hemen egoteagatik.
Esan didatenez, munduko neskatorik eder
eta zoragarriena entzuleen artean dago,
Kamzia Adichie du izena,
eta zutitzea nahi nuke...
nire iloba da!
(Txaloak)
Okuloma zen nire haurtzaroko
lagunik onenetakoa.
Kale berean bizi ginen,
eta neba zaharra balitz bezala
zaintzen ninduen.
Mutiil bat atsegin banuen,
Okulomari eskatzen nion iritzia.
2005eko abenduan, hegazkin-istripu batean
hil zen Okuloma,
Nigeriako hegoaldean.
Duela zazpi urte, hain zuzen.
Okulomarekin eztabaida nezakeen,
barre egin, edota gai serioez hitz egin.
Hark deitu zidan lehenik “feminista”.
14 urte inguru izango nituen. Haren
etxean geunden, eztabaidan,
biok ere irakurritako liburu guztietako
ezagutza mordoa ezin digerituta artean.
Ez dut gogoratzen zehazki zeri buruz
ari ginen eztabaidan,
baina gogoan dut nire erretolikaren erdian
Okulomak zera esan zidala, begietara
begira: —Badakizu feminista zarela?
Ez zen konplimendua.
Tonuagatik ohartu nintzen, tonu horrekin
berarekin esan baiziezadakeen
“terrorismoa babesten duzu”.
(Barreak)
Nik ez nekien zer esan nahi zuen,
zehazki, “feminista” hitz horrek.
Baina ez nuen nahi Okuloma
nire ezjakintasunaz ohar zedin.
Ez nuen aintzat hartu eta
eztabaidan jarraitu nuen.
Etxera iritsi bezain laster, baina,
hitza hiztegian bilatzeko lana hartu nuen.
Egin dezagun jauzi denboran.
2003an eleberri bat idatzi nuen
emaztea jotzen duen gizon bati buruzkoa.
Istorioa ez da ongi amaitzen.
Nigerian eleberria sustatzen
ari nintzen bitartean,
asmo oneko gizonezko kazetari batek
aholku bat eman nahi zidala esan zidan.
Agian jakingo duzuen bezala,
Nigeriarrak beti izaten dira
eskatu gabeko aholkuak emateko prest.
Aipatu zidan jendeak zioela
eleberria feminista zela,
eta haren aholkua —
buruarekin ezetz eginez, triste bezala —
nire burua feminista gisa
ez aurkeztea zen,
feministak zoritxarrekoak izaten direlako
eta ezin izaten dutelako senarrik aurkitu.
(Barreak)
Hortaz, “feminista zoriontsu”
gisa aurkeztea erabaki nuen.
Garai berean, akademiako
emakume nigeriar batek
esan zidan feminismoa ez zela
afrikar kulturaren parte
eta nire burua feministatzat nuela
“Mendebaldeko liburuen”
eraginpean nengoelako.
Barre egin nuen, nire gaztaroko
irakurgai gehienak
benetan antifeministak izan zirelako.
16 urte egiterako, irakurriak nituen
Mills & Boonek
argitaratutako eleberri
erromantiko guztiak.
Eta “feminismoaren testu klasikoak”
irakurtzen saiatu nintzen bakoitzean,
aspertu,
eta lanak izaten nituen amaitzeko.
Edonola ere, feminismoa
antiafrikarra zenez,
nire burua “feminista zoriontsu afrikar”
gisa aurkezten hastea erabaki nuen.
Halako batean, gizonak gorrotatzen
ez dituen eta ezpain-margoa eta takoiak
bere, eta ez gizonezkoen, gusturako
daramatzan feminista zoriontsu afrikarra
izatera ere iritsi nintzen.
Noski, horren zati handi bat
ironia baino ez zen,
baina “feminista” hitzak jasaten duen
konnotazio-gainkargaren adierazgarria da.
Gizonak gorrotatzen dituzu,
titi-zorroak gorrotatzen dituzu,
kultura afrikarra gorroto duzu...
Haurtzaroko istorio bat kontatuko dut.
Lehen hezkuntzan nengoela,
hiruhilekoaren hasieran azterketa
jarriko zigula esan zigun irakasleak,
eta nota onena ateratzen zuena
ikasgelako begiralea izango zela.
Ardura hori izatea ez zen
ahuntzaren gauerdiko eztula.
Ikasgelako begiralea izanik,
zalaparta sortzen zutenen
izen-abizenak hartu behar zenituen,
—botere-mozkorraldia eragiten du horrek―
baina gure irakasleak, gainera, makila
ematen zizun, eskuan eraman zenezan
zalapartarien bila ikasgela goitik behera
zeharkatzen zenuen bitartean.
Jakina, makila erabiltzea ez zegoen
baimenduta.
Baina egoera zirraragarria zen hura,
9 urteko ni bezalako neskato batentzat.
Ikasgelako begiralea izateko
irrikan nengoen,
eta notarik onena atera nuen azterketan.
Nire harridurarako, irakasleak esan
zuen begiraleak mutila izan behar zuela.
Hori ez zuen aldez aurretik azaldu;
jakintzat eman zuen xehetasun hura.
(Barreak)
Bigarren nota onena mutiko batek
atera zuen,
hortaz, mutikoa izan zen begiralea.
Interesgarriena da mutiko hura
izaki gozo eta atsegina zela;
ez zuen inolako interesik, makila eskuan,
ikasgela zeharkatzeko.
Ni, aldiz, irrikan nengoen, esan bezala.
Baina ni emakumea nintzen,
eta hura gizona;
hortaz, mutikoa izan zen begiralea.
Sekula ez dut ahaztu gertaera hura.
Sarri akats bera egiten dut:
pentsatu ohi dut
niretzat agerikoa dena
besteentzat ere hala izango dela.
Adibidez, Louis lagun maitea,
gizon azkar eta progresista.
Gure arteko elkarrizketetan,
zera esaten zidan:
"Ez dakit zergatik diozun emakumeentzat
gauzak ezberdinak eta zailagoak direla.
Beharbada, izango ziren lehen,
baina ez gaur egun"
Nik ez nuen ulertzen Louis gai ez izatea
itxuraz hain agerikoa zena ikusteko.
Halako gaualdi batean, Lagosen, Louis eta
biok irten ginen, lagunekin batera.
Lagos ezagutzen ez duzuenontzat,
bada osagai zoragarri bat
hiri-altzarien artean:
energiaz betetako gazteak, hainbat
saltokiren aurrean zain egoten direnak
eta, keinu nabarmenak eginez, autoa
aparkatzen “laguntzen” dizutenak.
Bereziki harritu ninduten
gau hartan aparkalekua
aurkitu zigun gizonaren keinuek.
Hala, bagindoazenean, eskupekoa
ematea erabaki nuen.
Poltsa ireki,
dirua ateratzeko eskua sartu,
eta gizonari eman nion,
Eta gizonak,
pozik eta esker onez,
dirua onartu,
eta zera esan zuen, Louisi begira:
—Eskerrik asko, jauna!
(Barreak)
Louisek, niri begira harrituta,
galdetu zuen:
—Zergatik eman dizkit niri eskerrak?
Dirua ez diot nik eman.
Orduan, azkenean ulertu zuela
ikusi nuen haren aurpegian.
Gizonak uste zuen nik emandako dirua
Louisena zela.
Louis gizona delako.
Ezberdinak gara gizonak eta emakumeak.
Hormona ezberdinak,
sexu-organo ezberdinak,
eta gaitasun biologiko ezberdinak ditugu:
emakumeek haurrak izan ditzakete;
gizonezkoek ez.
Oraingoz behintzat.
Gizonek testosterona gehiago eta,
oro har, indar fisiko handiagoa dute.
Munduan, biztanleria femeninoa
pixka bat handiagoa da,
munduko biztanleen %52 dira emakumeak.
Hala ere, boterea eta prestigiozko
kargu gehienak gizonezkoen eskuetan daude.
Wangari Maathai Bake Nobel
saridun kenyarrak,
oso argi eta zuzen azaldu zuen:
“Zenbat eta gorago iritsi, orduan eta
emakume gutxiago aurkituko dituzu”.
AEBetako azken bozetan, etengabe entzun
genuen Lilly Ledbetter Legearen berri,
baina, aliterazio arranditsutik
harago joanez gero,
egoera honi erantzun nahi zion
lege horrek:
gizon batek eta emakume batek
lan bera egin dezakete,
prestakuntza bera izanda,
baina gizonak ordainsari hobea
jasoko du, gizona delako.
Hala, zentzu hertsian, gizonezkoek
gobernatzen dute mundua.
Horrek zentzua zuen orain dela
milaka urte.
Garai hartan, gizakien iraupenerako
ezaugarri behinena
indar fisikoa zen; pertsona batek
zenbat eta indar fisiko handiagoa izan,
orduan eta aukera gehiago buruzagi izateko
Oro har, indartsuagoak dira
gizonezkoak fisikoki.
Noski, salbuespen asko daude.
Gaur egun, erabat bestelakoa da mundua.
Buruzagia izateko gaitasun handiena duena
ez da orain indar fisiko handiena duena,
baizik eta azkarrena,
ezagutza gehien dituena,
sortzaileena edota berritzaileena.
Ezaugarri horiek izateko, ez dago
hormonen beharrik.
Emakumeak gizonak adinako adimena
izan dezake,
eta hura bezain sortzailea
eta berritzailea izan daiteke.
Eboluzionatu egin dugu;
generoari buruzko ideiak, aldiz,
ez dira maila berean bilakatu.
Orain gutxi, Nigeriako hotelik onenetako
baten atartean sartu nintzenean,
—pentsatu nuen izena aipatzea,
baina ez dut egingo—
atezain batek geldiarazi eta
hainbat galdera deseroso egin zizkidan.
Mundu guztiak automatikoki
pentsatzen baitu
hotel batean bakarrik sartzen den
emakume nigeriarra sexu-langilea dela.
Bidenabar,
zergatik jartzen dute hotel horiek arreta
ustezko hornitzean eta ez
sexu-langileen eskarian?
Lagosen, giro oneko klub eta taberna asko
daude, baina ezin naiz bakarrik sartu.
Emakumeari ez diote
bakarrik sartzen uzten,
gizon batek lagunduta sartu behar du.
Nigeriako jatetxe batean gizon batekin
sartzen naizenero,
zerbitzariak gizona agurtzen du,
eta ez ikusiarena egiten dit.
Zerbitzariak produktuak dira...
Gizonak emakumeak baino
garrantzitsuagoak direla
irakatsi dien jendarte baten
ondorio dira zerbitzariok.
Jakin badakit ez dutela
asmo txarrez egiten,
baina gauza bat da zerbait jakitea, eta
beste bat maila emozionalean sentitzea.
Aintzat hartzen ez nauten bakoitzean,
ikusezin sentitzen naiz.
Haserretu egiten naiz.
Gogoa izaten dut gizona bezain
gizaki naizela
eta agurra berdin-berdin
merezi dudala esateko.
Txikikeriak dira,
baina, batzuetan, gauza txikienak
izaten dira mingarrienak.
Orain gutxi, artikulu bat idatzi nuen
Lagosen emakume gaztea izatearen
esperientziari buruz.
Editoreek esan zidaten amorruz
betetako artikulua zela.
Noski amorruz beteta zegoela!
(Barreak)
Amorratuta nago.
Egungo egoera, generoari dagokionez,
oso bidegabea da. Guztiok
egon beharko genuke haserre.
Amorruak historia luzea du,
aldaketa positiboen eragile gisa;
baina, amorruaz gain,
badut itxaropena ere.
Irmo sinesten dudalako gizakiek
gaitasun handia dutela
beren burua onerako berreraikitzeko.
Generoak badu garrantzia mundu osoan,
baina Nigerian jarri nahi dut arreta,
eta Afrikan orokorrean,
hori baita ezagutzen dudana,
eta bihotzean eramaten dudana.
Gaur, bestelako mundu bat egiteko
planarekin amesten has gaitezen
eskatu nahi nuke.
Mundu bidezkoago bat,
beren buruarekin zoriontsuago
eta zintzoago izango diren
emakumeez eta gizonez osatutako mundua.
Hauxe da horretan hasteko modua:
beste era batean hezi behar ditugu alabak,
baita semeak ere.
Gure semeak hazteko moduak ez die
haiei batere mesederik egiten.
Umeen gizatasuna erreprimitu egiten dugu.
Maskulinitatea estu-estu zedarritzen dugu,
kaiola txiki eta gogorra da
maskulinitatea,
eta hantxe sartzen ditugu mutikoak.
Ahuleziaren, sentiberatasunaren eta
izuaren beldur izaten irakasten diegu.
Benetan nor diren ezkutatzen
irakasten diegu,
“gizon gogorrak” izan behar dutelako,
Nigerian esaten dugun bezala.
Bigarren hezkuntzan, mutiko bat eta
neskato bat, nerabeak biak,
elkarrekin ateratzen dira,
patrikan sosik ez dutela.
Berdin dio, mutikoak ordaindu behar du
kontua beti,
haren maskulinitatea agertzeko.
Gero, gure buruari galdetuko diogu
zergatik lapurtzen dieten mutikoek
dirua gurasoei.
Neskei eta mutilei ez bagenie irakatsiko
maskulinitatea eta dirua
elkarrekin lotzen?
Euren jarrera ez balitz izango
“mutilak ordaindu behar du”
baizik eta “ordain dezala gehien duenak”?
Noski, abantaila historikoari esker,
gizonak eduki ohi du gehien gaur egun.
Seme-alabak bestela
hazten hasiko bagina,
berrogeita hamar edo ehun urte barru,
mutilek ez lukete euren maskulinitatea
erakutsi beharraren presioa sentituko.
Hala ere, mutikoei egiten diegun
gauzarik okerrena,
gogorrak izan behar dutela sentiarazita,
ego hauskorrak bereganatzera
bultzatzea da.
Gizon bat gogorra sentitzera
zenbat eta gehiago behartu,
orduan eta hauskorragoa haren egoa.
Neskatoei ere mesede eskasa egiten diegu,
ego maskulino hauskor horren zerbitzura
egoteko hazten ditugulako.
Neskei euren burua txikitzen,
gutxiagotzen irakasten diegu.
Neskatoei esaten diegu:
“Izan dezakezu handinahia,
baina ez gehiegi"
"Arrakasta izaten saiatu behar duzu,
baina ez gehiegi,
bestela, gizonezkoei mehatxu
egingo diezu".
Gizon batekiko harremanean
sostengu ekonomikoa bazara,
disimula ezazu,
jendaurrean batik bat;
bestela, gizona zikiratuko duzu.
Zer gertatuko litzateke,
hori auzitan ipiniko bagenu?
Zergatik izan behar du emakumearen
arrakastak mehatxu gizonarentzat?
Eta hitz hori, “zikiratu”,
baztertuko bagenu, besterik gabe?
Ez dakit baden ere gehiago gorrota
dezakedan beste hitzik.
Ezagun nigeriar batek galdetu zidan behin
ea gizonezkoak kikiltzeak
kezkatzen ninduen.
Ni ez ninduen batere kezkatzen horrek.
Horretan pentsatu ere ez nuen egin,
nik kikiltzeko moduko gizon bat
batere interesik
sortzen ez didan gizona delako.
(Barreak)
(Txaloak)
Hala ere, harritu egin ninduen galderak.
Emakumea naizenez, ezkontza da
niretzat espero dena.
Nigandik espero dena da
bizitzarako erabakiak hartzea,
sekula ahaztu gabe ezkontza dela
garrantzitsuena.
Senar-emazte bizimodua ona izan daiteke,
plazera, maitasuna eta elkarrenganako
babesa izan daitekeen neurrian.
Zergatik irakasten diegu neskatoei
horren zain egoten
eta mutikoei, aldiz, ez?
Emakume nigeriar ezagun batek
etxea saltzea erabaki zuen
ez zuelako kikildu nahi berarekin
ezkondu nahiko zuen gizona.
Nigeriako emakume ezkongabe ezagun batek,
mintegietara joaten denean,
ezkontza-eraztuna eramaten du,
berak dioenez, mintegian dauden
beste lankideek
“errespeta dezaten” nahi duelako.
Ezagutzen ditut familiaren eta
lagunen aldetik,
baita lan-esparrutik ere, ezkontzeko
presio handia duten gazteak,
eta presio horrek erabaki ikaragarriak
hartzera eramaten ditu.
Ezkongabetasuna porrot pertsonaltzat
hartzen
irakasten die gure gizarteak
adin bateko neska ezkongabeei.
Aitzitik, adin bateko gizona
oraindik aukeratzen ari delako
izango da ezkongabea.
(Barreak)
Erraza da esatea emakumeek
“ez” esan diezaioketela horri guztiari.
Errealitatea zailagoa eta konplexuagoa da.
Guztiok gara izaki sozialak. Denok
barneratzen ditugu
ideiak sozializazioaren bidez.
Gure mintzairak ere
horixe frogatzen du.
Ezkontzarekin loturiko hizkera
maiz oinarritzen da jabetzan
adiskidetasunean oinarritu beharrean.
“Errespetu” hitza erabiltzen dugu
emakumeak gizonari zor diona adierazteko
baina ia inoiz ez gizonak emakumeari
zor dionaz mintzatzeko.
Nigerian gizonek zein emakumeek
esaten dute
—barrea eginarazten didan esaldia da—
"Honakoa egin dut,
senar-emazte bizimoduan bakea izateko".
Gizonek esaten dutenean,
egin beharko ez luketen zerbaitez ari dira.
(Barreak)
Batzuek euren lagunei esaten diete,
samindura-kutsuz esaten diete,
azken batean euren maskulinitatea
erakusten duen zerbait da:
"O, emazteak esan dit ezin naizela
gauero joan diskoteketara,
eta, horregatik, asteburuetan
baino ez naiz ateratzen".
(Barreak)
Emakumeak dioenean “honakoa egin
dut bikote bizimoduan bakea izateko”
lanpostu, helburu profesional
edota amets bati,
uko egin diotelako izan ohi da.
Neskei erakusten diegu emakumeek
egiten dutela uko gehien
gizonen eta emakumeen arteko harremanetan.
Euren artean lehiakide izateko
hazten ditugu emakumeak,
gizonezkoen arretari begira,
eta ez lanpostu edo lorpenetan lehiakide.
Emakumeei izaki sexualak ezin direla izan
irakasten diegu,
ez gizonen maila berean.
Semeak izanez gero, ez zaigu axola
neska-laguna dutela jakitea.
Baina gure alabek mutil-laguna?
Jainkoarren, ez.
(Barreak)
Baina, noski, unea iristean,
espero dugu gizon perfektua ekarriko
duela etxera, harekin ezkon dadin.
Poliziarena egiten
dugu neskekin.
Euren birjintasunaz
laudorioak egiten dizkiegu;
mutilei, ordea, ez.
Neure buruari galdetzen diot
nolatan ote den hori,
zeren...
(Barreak)
(Txaloak)
birjintasuna galtzea genero ezberdineko
bi pertsona behar dituen prozesua baita...
Duela gutxi, neska bat taldean bortxatu
zuten Nigeriako unibertsitate batean.
Gutako batzuek ezagutzen dugu kasua.
Eta, neska zein mutil,
gazte nigeriar askoren
erreakzioa
halako zerbait izan zen:
"Ados, gaizki dago bortxatzea.
Baina zertan ari zen emakume hura
bakarrik lau mutilekin logela batean?"
Ahantz dezagun, ahal izanez gero,
erreakzio horren gizagabetasun ikaragarria
Emakumeak berez errudunak direla pentsa
dezaten hezi dituzte nigeriar horiek,
eta gizonezkoengandik hain gutxi
espero izateko hazi dituzte,
ezen izaki basati eta autokontrolik
gabeak izan daitezkeelako ideia ere
onargarri samarra izan daitekeen.
Lotsatiak izaten irakasten diegu neskei.
“Itxi hankak”
“Estal zaitez”
Emakume jaiotze hutsagatik
zerbaiten errudun direla
sentiarazten diegu.
Eta gertatzen dena da neskatoak
desira esperimentatzen dutela
esan ezin duten emakume bihurtzen direla.
Benetan pentsatzen dutena esan ezin duten
emakume bihurtzen dira.
Eta, hauxe da okerrena,
arte bilakatu dute itxurak egitea.
(Txaloak)
Ezagutzen dut emakume bat
etxeko lanak gorroto dituena,
benetan gorroto ditu,
baina gustatzen zaizkiolako
plantak egiten ditu,
irakatsi diotelako “ezkongai egokia
izateko"
“etxeko emakumea” izan behar duela
—Nigeriako beste kontzeptu bat erabilita—.
Azkenean ezkondu egin zen.
Aurki hasi zen senarraren familia kexaka,
aldatu egin zela esanez.
Ez zen aldatu,
plantak egiteaz nekatu zen, besterik gabe.
Generoaren arazoa zera da,
nolakoak izan behar dugun agintzen digu,
benetan nolakoak garen
aintzat hartu beharrean.
Imajinatu zein zoriontsu, libre
izango ginatekeen,
benetan garena izanez,
generoaren espektatiben zama nozitu gabe.
Ukaezina da mutilak eta neskak
ezberdinak direla biologikoki,
baina sozializazioak puztu egiten ditu
ezberdintasun horiek,
eta gero hasten da atzera
elikatzen den prozesua.
Errepara iezaiozue, adibidez, sukaldeari.
Gaur egun, eskuarki emakumeak
arduratzen dira sukaldean egiteaz
eta garbitzeaz.
Baina zergatik?
Emakumeak sukalderako
genearekin jaiotzen direlako,
(Barreak)
edo sukaldean aritzea
euren zeregina dela sinesteko
sozializatu dituztelako?
Sukaldean aritzeko
genearekin jaio direla
esan behar nuen
baina orduan gogoratu naiz munduko
sukaldari ospetsu gehienak,
“chef” titulu dotorea
jasotzen duten horiek,
gizonezkoak direla.
Nik amona miresten nuen,
emakume bikaina zen,
eta nire buruari galdetzen nion
nolakoa izango ote zen gizonezkoen
aukera berak izan balitu.
Egun, aukera gehiago ditugu emakumeok
nire amonaren garaian baino,
politikan eta legeetan izandako
aldaketei esker,
eta oso garrantzitsuak dira horiek.
Eta, hala ere, generoari buruzko
gure jarrerak eta pentsaerak
pisu handiagoa izaten jarraitzen dute.
Zer gertatuko litzateke gure seme-alabak
heztean
generoari baino, gaitasunari
erreparatuko bagenio?
Eta generoari baino,
interesei erreparatuko bagenie?
Ezagutzen dut bi seme-alaba
dituen familia bat.
Eskolan distiratsuak dira,
ume zoragarriak dira.
Mutila gose denean, gurasoek
esaten diote neskari:
“Zoaz nebari berehalako
fideo batzuk prestatzera”.
Neskatoak ez du atsegin
berehalako fideoak prestatzea,
baina neska da, eta ezinbestean
egin behar du.
Lehen unetik gurasoek
biei irakatsi izan baliete
sukaldean egiten, zer?
Sukaldean aritzea
gaitasun praktikoa da mutil batentzat ere.
Beti pentsatu izan dut ez duela
zentzu handirik
halako funtsezko kontu bat,
nork bere burua elikatzeko gaitasuna,
inoren esku uzteak.
(Txaloak)
Nire ezagun batek senarraren titulu
akademiko eta lanpostu berdinak ditu.
Lanetik bueltan emakumeak
egiten ditu etxeko lan gehienak,
senar-emazte askorekin
gertatzen den bezalaxe,
baina egun batean arreta eman zidan
gizonak haurtxoari pixoihala
aldatzen zion bakoitzean,
emakumeak eskerrak ematen zizkiola.
Zer gertatuko litzateke emakumeak
ohiko eta normaltzat joko balu
gizonak haurtxoa zaintzen laguntzea?
Saiakera egiten ari naiz hazi bitartean
barneratutako genero-ikasgai
asko desikasteko.
Hala ere, batzuetan kaltebera
sentitzen naiz
oraindik ere genero-espektatiben aurrean.
Lehen aldiz graduondoko idazketa-eskola
eman nuenean
kezkatuta nengoen.
Ez ikasgai-zerrendagatik,
ondo prestatuta nuelako
eta gustuko gaia irakatsiko nuelako.
Jantzi behar nuen arropak
kezkatzen ninduen.
Serio har nintzaten nahi nuen.
Jakitun nintzen emakume izateagatik
nire baliozkotasuna erakutsi
beharko nuela.
Femeninoegi jarduteak kezkatzen ninduen.
Ez nindukete serio hartuko.
Ezpain-margoa eta gona polit bat
jartzeko gogoa nuen,
baina halakorik ez egitea
erabaki nuen. Oso serio
jantzita joan nintzen,
oso maskulino eta oso itsusi.
Auziaren egia gordina da:
itxurari dagokionez
gizonezkoa dugu oraindik estandar,
arau.
Lan-bilerara doan gizonak
ez dio bere buruari galdetzen
serio hartuko ote duten
arroparen arabera.
Lan-bilerara doan emakumeak ordea,
femeninoegi agertzeaz kezkatu behar du,
eta horren arabera hartuko
ote duten serio edo ez.
Nahiago nuke halako jantzi itsusirik
eraman izan ez banu.
Izan ere, dagoeneko ez dut armairuan.
Ni neu izateko egungo konfiantza
izan banu,
ikasle haiek etekin handiagoa
aterako zieten nire eskolei.
Erosoago sentituko nintzelako,
eta “ni neu” gehiago, modu osoagoan
eta benetakoagoan.
Nire feminitateaz gehiago ez lotsatzea
erabaki dut.
(Txaloak)
Eta errespetua nahi dut, naizen
bezain femeninoa izanda,
merezi dudalako.
Ez da erraza generoari buruzko
elkarrizketak izatea.
Gizonekoek nahiz emakumeek
joera izaten dute genero-arazoei
garrantzia berehala kentzeko.
Irudika dezaket hemen hainbat lagun
euren buruari esaten:
"Emakumeak, benetakoak"?
Gizonezko batzuek pentsatuko dute:
"Ados, hori dena interesgarria da,
baina nik ez dut horrela pentsatzen".
Hortik dator, izan ere,
arazoaren zati bat.
Gizon askok ez dutelako aktiboki
pentsatzen generoan
eta ez diotelako erreparatzen.
Generoaren arazoaren zati bat da hori.
Gizon askok esaten dutelako,
Louis lagunak bezala,
orain ondo dagoela dena.
Eta gizon askok ez dutelako
ezertxo egiten hori aldatzeko.
Gizona izanik jatetxe batean sartzen
bazara emakume batekin
eta zerbitzariak zu bakarrik
agurtzen bazaitu,
galdetzen al diozu:
“Zergatik ez duzu agurtu
nirekin dagoen emakumea?”
(Barreak)
Generoa gai deserosoa suerta daitekeenez,
badira elkarrizketari amaiera emateko
modu errazak.
Badira bilakaera biologikoaz
eta tximinoez
hitz egiten dutenak,
tximino-emeak arren aurrean
makurtu egiten direla
eta antzekoak aipatuz.
Baina kontua da gu ez garela tximinoak.
(Barreak)
(Txaloak)
Tximinoak zuhaitzetan bizi dira,
eta zizareak jaten dituzte.
Guk ez.
Badira esaten dutenak:
“Beno, gizonezkoek ere
gaizki pasatzen dute”.
Eta egia da.
Baina hori ez da...
(Barreak)
Baina hori ez da elkarrizketa honen gaia.
Generoa eta klase soziala zapalkuntza
modu ezberdinak dira.
Gizon beltzekin mintzatzearen mintzatzeaz
asko ikasi dut zapalkuntza-sistemez
eta elkarrenganako itsutasunaz.
Behin batean, genero-kontuez
hitz egiten ari nintzela
batek zera esan zidan:
"Zergatik hitz egin behar duzu
emakume gisa?
Zergatik ez duzu
hitz egiten gizaki gisa?”
Bide batez, gizon horrek
maiz hitz egiten zuen
gizon beltz moduan zuen esperientziaz.
Generoak garrantzia du. Modu ezberdinean
bizi dugu mundua gizon eta emakumeok.
Generoak ematen dio kolorea
mundua bizitzeko moduari.
Baina aldatu dezakegu.
Bada jendea esaten duena:
"O, baina emakumeek dute benetako boterea,
beheko boterea”.
Nigeriako esamoldea da hori,
gizonezkoengandik gauzak lortzeko
euren sexualitateaz baliatzen diren
emakumeei buruzkoa.
Baina beheko botere hori
ez da benetako boterea.
Beheko boterea duen emakumea
ez delako boteretsua bere kabuz,
beste pertsona baten boterea
lortzeko sarbidea baino ez dauka.
Jakina, irudika dezakegu
zer gertatzen den gizona
umore txarrez,
gaixorik,
edota aldi baterako inpotente dagoenean.
(Barreak)
Bada esaten duenik emakumeak gizonezkoen
menpekoak direla, gure kultura delako.
Baina etengabe aldatzen da kultura.
Hamabost urteko iloba biki
ederrak dauzkat.
Lagosen bizi dira.
Orain dela ehun urte jaio izan balira
eraman eta hil egingo zituzten.
Igboen kulturak uste zuelako
seinale txarra zela bikiak jaiotzea.
Zer zentzu du kulturak?
Kulturak herri baten babesa
eta iraupena ditu helburu.
Gure familian,
ni naiz garenari buruzko historian
interes handiena duen alaba,
gure tradizioaren eta
gure antzinako lurren gainekoan.
Anai-arrebek ez dute hainbesteko
interesik gai horietan.
Hala ere, baztertuta nago auzi horietatik,
ezin dut joan haien bileretara,
ez dut hitzik.
Emakumea naizelako.
Kulturak ez du jendea egiten,
jendeak egiten du kultura.
(Txaloak)
Emakumeak eskubide guztiak dituzten
gizakiak ez izatea
gure kulturaren parte bada, orduan
gure kultura aldatu behar dugu.
Askotan gogoratzen naiz
nire lagun Okulomaz,
jarrai dezatela bakean
atseden hartzen berak
eta Sosolisoko hegazkin-istripuan
hildako guztiek.
Maite dugunok beti izango dugu gogoan.
Arrazoi zuen orain dela hainbeste urte
feminista deitu zidanean.
Feminista naiz.
Hitza hiztegian bilatu nuenean,
hauxe aurkitu nuen:
“Feminista:
sexuen arteko berdintasun
sozial, politiko
eta ekonomikoan sinesten duen pertsona”.
Entzun ditudan istorioen arabera,
gure birramona ere,
feminista zen.
Senartzat nahi ez zuen
gizonaren etxetik ihes egin,
eta berak aukeratutako gizonarekin
ezkondu zen.
Emakume izateagatik lurrak eta aukerak
kentzen ari zitzaizkiola
sentitu zuenean, ez zuen onartu;
protesta egin, eta egoera salatu zuen.
Birramonak ez zuen “feminista”
hitza ezagutzen,
baina horrek ez du esan nahi ez zenik.
Askoz ere jende gehiagok aldarrikatu
beharko luke hitza.
Neuk ematen dudan definizioaren arabera,
feminista da honako hau esaten duen
edozein gizon edo emakume...
(Barreak)
(Txaloak)
feminista da honako hau esaten duen
edozein gizon edo emakume:
"Bai, gaur egun genero-egoerarekin
arazorik bada,
eta konpondu behar badira,
gauzak hobeto egin behar ditugu".
Ezagutzen dudan feministarik onena
nire anaia Kenny da.
Oso gizon atsegin, eder
eta maitagarria da,
eta oso maskulinoa.
Eskerrik asko.
(Txaloak)