Zer da giza burmuina hain berezia egiten duena? Zergatik ikertzen ditugu guk beste animaliak eta haiek ez gaituzte gu ikertzen? Zer du giza burmuinak edo zer egiten du besteenak egiten ez duenik? Gai hauetaz interesatzen hasi nintzenean, duela 10 urte, zientifikoek uste zuten bazekitela garunak nola eginda zeuden. Ebidentzia gutxi izan arren, zientifiko askok zioten ugaztunen garunak, baita gizakiena ere, berdin osatuak zeudela eta garunaren tamainarekiko proportzionala zen neurona kopurua zutela. Hau da, tamaina bereko bi garunek, 400 gramoko bi garun hauek esaterako, neurona kopuru bertsua izan beharko luketela. Baina neuronak garuneko informazioaren prozesamenduaren unitate funtzionalak badira, garun bi hauen jabeek gaitasun kognitibo antzekoak izan beharko lituzkete. Baina bata txinpantzea da, eta bestea behi bat. Posible da behiek barne bizitza sakon bat izatea, eta hain azkarrak izanik guri hortaz ohartzen ez uztea erabaki izana, baina guk eurak jaten ditugu. Nirekin ados egongo zarete txinpantzeek behiek baino jokabide konplexu, elaboratu eta malguagoak burutzeko gai direla. "Garun guztiak modu berean osatuak daude" esaldia oso zuzena ez dela erakusten du lehen puntu honek. Baina jarrai dezagun. Garun denak berdin osatuak baleude, tamaina desberdineko garundun animaliak konparatuz gero, garun handiek txikiek baino neurona gehiago izan beharko lituzkete. Gero eta handiagoa, orduan eta gaitasun kognitibo handiagoa izango luke garunaren jabeak. Hori horrela balitz, garun handienak gaitasun kognitibo handiena izango luke. Eta, hemen datoz berri txarrak: Gure garuna ez da guztietan handiena. Honek nahasgarria dirudi. Gure garunak 1, 2 eta 1,5 kg artean pisatzen du, elefanteen garunak 4 eta 5 kg artean pisatzen du, eta baleen garunak 9 kg arteko pisua har dezake. Guzti honengatik, zientifikoek gure garuna berezia zela esaten zuten gure gaitasun kognitiboak azaltzean. Benetan ezohikoa izan behar du bai, arauaren salbuespena. Beraiena handiagoa izango da bai, baina gurea hobea da, eta hobea izan zitekeen, hau da, izan behar lukeena baino handiagoa omen delako, gure gorputzen tamainagatik izan beharko genukeena baino kortex askoz handiagoa baitugu. Garun kortex estra omen dugu, gorputza kudeatzeko baino gauza interesgarriagoak egiteko. Normalean, garunaren tamaina gorputzaren tamainaren araberakoa da. Beraz, gure garuna beharko lukeena baino handiagoa dela esateko arrazoi nagusia, beste hominidoekin egindako konparaketetatik dator. Gorilak gu baino 2 edo 3 aldiz handiagoak izan daitezke. Bere garunak gureak baino handiagoak izan beharko lukete baina aurkakoa gertatzen da. Gure garuna gorilena baino hiru aldiz handiagoa da. Giza garuna berezia dirudi ere erabiltzen duen energia kantitateagatik. Gorputzaren pisuaren %2a soilik izan arren, berak bakarrik gorputzak eguneroko funtzioetarako darabilen energia guztiaren %25 behar du. Hori 2000 kalorietatik 500 litzateke, garuna funtzionamenduan izateko bakarrik. Beraz, giza garuna beharko lukeena baino handiagoa da, behar lukeena baino energia gehiago erabiltzen du, eta berezia da. Orain istorio hau gogaikarri bihurtzen hasi zen. Biologian arauak bilatzen ditugu, animalia guztiei eta bizitzari oro har aplikatzekoak. Zergatik aplikatu beharko zaizkie eboluzioaren arauak espezie guztiei guri izan ezik? Agian arazoa oinarrizko ustean zegoen, agian garun denak ez daude berdin osatuak. Agian tamaina bereko bi garun neurona kantitate ezberdinez osatuta egon daitezke. Oso handia den garun batek agian ez du txikiago batek baino neurona gehiago izan behar. Agian gizakion garunak neurona kantitate handiena du bere tamainak axolarik izan gabe, batez ere kortexean. Ondorioz, guzti hau erantzun beharreko kontu garrantzitsu bihurtu zen. Zenbat neurona ditu giza garunak, eta nola konpara dezakegu beste animaliekin? Posible da zuetako batzuk nonbait irakurri edo entzun izana 100 mila milioi neurona ditugula. Duela 10 urte, lankideei galdetu nien ea bazekiten zifra hori nondik zetorren. Inork ez zekien. Zifra horren jatorriaren bila jardun nintzen erreferentzia-bibliografian, baina sekula ez nuen aurkitu. Badirudi inork ez zuela benetan giza garunaren neurona kopurua zenbatu, ez eta beste edozein garunetako neurona kopurua ere. Garuneko zelulak kontatu ahal izateko formula bat sortu nuen. Oinarrian zera egin behar da: garuna disolbatu, zopa bihurtu arte. Horrela funtzionatzen du: garun bat edo garun zati batzuk hartu eta garbigarritan disolbatzen da. Honek ehunak suntsitzen ditu baina zelularen nukleoa osorik mantentzen du. Horrela, nukleoarekin soilik geratzen zara. Nukleoak itxura hau du, zopa baten antzekoa da. Zopa honek, arratoi baten garuna zenak, nukleo guztiak ditu. Zoparen edertasuna zera da, zopa denez, berau nahastu dezakezula, eta horrela nukleo guzti horiek likidotan homogeneoki banatu. Soluzio homogeneo honen lau edo bost lagin mikroskopiotik behatzean, nukleoak kontatu ahal dira, eta garun horrek zenbat zelula zituen jakin. Sinplea da, erraza, eta benetan azkarra. Metodo honekin dozenaka espezieren neuronak kontatu ditugu, eta zera ikusi dugu, garunak ez daudela modu berean osatuta. Azter ditzagun karraskariak eta primateak. Karraskarien garun handienetan, handitu egiten da neuronen batezbesteko tamaina. Beraz, garuna azkar puzten da eta tamainaz handitzen da, neuronak gehitu baino. Primateen garunak, berriz, neuronak gehitzen ditu neuronen tamaina handitu barik. Garunari neuronak gehitzeko modu oso ekonomikoa da. Beraz, primate baten garunak neurona gehiago izango du tamaina bereko karraskari batenak baino. Garuna gero eta handiagoa izan, gero eta handiagoa izango da aldea. Zer gertatzen da gure garunean? Zera aurkitu dugu: batez beste 86 mila milioi neurona ditugu. Hauetako 16 mila milioi garun kortexean aurkitzen dira, Kontuan hartuz kortexean daudela kontzientzia, arrazonamendu logikoa, abstraktua eta antzeko funtzioak, eta ez dagoela 16 mila milioi neurona baino gehiago duen kortexik, uste dut hau dela gure aparteko gaitasun kognitiboen azalpen sinpleena. 86 mila milioi neurona horien esanahia ere garrantzitsua da. Aurkitu genuen garunaren tamainaren eta bere neurona kopuruaren arteko erlazioa matematikoki deskribatu daitekeela. Giza garun bat karraskari batena balitz nolakoa izango zen kalkulatu ahal izan genuen. Karraskari baten garunak 86 mila milioi neurona izango balitu, 36 kg pisatuko lituzke. Hori ezta posible. Hain garun handia bere pisuak zanpatuko luke, eta garun hau 89 tonatako gorputz batekin etorriko litzake. Horrek ez luke gure antzik izango. Guzti honek ondorio nagusi batera garamatza: ez garela karraskariak. Giza garuna ez da arratoi garun erraldoi bat. Arratoi batekin alderatuta bereziak izan gaitezke, baina ez da alderaketa justua, baitakigu ez garela karraskariak. Primateak gara, beraz alderaketa justua beste primateekin litzateke. Kalkuluak hau ematen du: 86 mila milioi neurona lituzkeen primate batek gutxi gora behera 1,2 kg-ko garuna edukiko luke onargarria dena, eta 66 kg-ko gorputza. Horixe da nire kasua hain zuzen ere. Guzti honek harrigarria ez, baina garrantzitsua den beste ondorio batera garamatza: primate bat naiz. Eta zuek guztiak primateak zarete. Darwin ere primatea zen. Darwinek hau benetan gustukoa izango zuen. Bere garuna, gurea bezala, beste primateen garunaren itxurara egina zegoen. Beraz, giza garuna apartekoa da baina ez da berezia neurona kopuruaren aldetik. Primate handi baten garuna baino ez da. Pentsamendu apal eta erakusgarria dela uste dut, naturan dugun lekua gogoratzen digun pentsamendua. Zergatik behar du hainbeste energia? Beste batzuk ikertu dute gizakiaren eta beste espezieren garunek behar duten energia. Badakigunez garunen neurona kopurua, kalkulua egin dezakegu. Aurkitu da giza garunak eta beste garunek kantitate bera erabiltzen dutela: batezbeste 6 kaloria eguneko mila milioi neuronako. Beraz, garun baten gastu energetikoa neurona kantitatearen funtzio lineal sinple bat da, eta giza garunak espero zitekeen beste energia erabiltzen du. Beraz, giza garunak hainbeste energia erabiltzearen arrazoia sinplea da, neurona kantitate ikaragarria dugula. Primateak garelako, neurona asko ditugu gure tamainarako beste animaliekin alderatuta. Gure garunaren gastu erlatiboa izugarria da baina hori primateak garelako da, ez bereziak garelako. Beraz, azken galdera: Nola heldu gara neurona kopuru izugarri horretara? Eta, are gehiago, primateak gu baino handiagoak izanik, zergatik ez dute gurea baino handiagoa eta neurona gehiago dituen garuna? Garunean hainbeste neurona izateak ze gastu zekarren ikusita, arrazoi sinple bat zegoela bururatu zitzaidan. Beraiek ez dute nahikoa energia gorputz handia eta neurona kopuru handia mantentzeko. Kalkulua egin genuen. Primate batek janari gordina janez eguneko zenbat energia lortzen duen kalkulatu genuen. Gero, zenbat energia beharko lukeen tamaina zehatz bateko gorputz batek eta neurona kopuru konkretu batek kalkulatu genuen. Konbinaketak behatu genituen, primate baten gorputz tamaina eta garun-neurona kopuruaren arteko konbinaketak egunean ordu zehatz batzuk jaten emanez gero. Zera aurkitu genuen: neuronak hain garestiak direnez, gorputzaren tamaina eta neurona kantitatea konpentsatzen dira. Egunean 8 ordu jaten pasatzen dituen primate batek gehienez ere 53 mila milioi neurona izan ditzake, baina bere gorputza ezin da 25 kg baino handiagoa izan. Hori baino astunagoa izateko, neurona gutxiago izan behar ditu. Beraz, edo gorputz handi bat daukagu, edo neurona kopuru handi bat. Primate batek bezala jaten baduzu, ezin dituzu bi gauzak izan. Muga metaboliko honetatik askatzeko modu bat eguneko ordu gehiago jaten pasatzea litzateke. Baina hori arriskutsua da, eta puntu batetik aurrera ezinezkoa. Gorilek eta orangutanek esaterako, 30 mila milioi neurona dituzte, eta egunean 8 ordu eta erdi jaten pasatzen dituzte. Hori da antza lor dezaketen gehiena. Badirudi egunean 9 ordu jaten pasatzea dela primate baten muga praktikoa. Eta gurea? Gure 86 mila milioi neuronekin eta gure 60-70 kg-ko gorputzekin, egunean 9 ordu baino gehiago pasa beharko genituzke egunero gure elikadura beharrak asetzen, eta hau ezinezkoa da. Primateek bezala jango bagenu, ez ginateke hemen egongo. Orduan, nola heldu ginen hona? Gure garunak hainbeste energia erabiltzen badu, eta ezin badugu jaten eman esna gauden ordu bakoitza, dugun aukera bakarra alimentu berdinetatik energia gehiago lortzea da. Harrigarria badirudi ere, hori bat dator duela milioi eta erdi urte gure arbasoek asmatu zutela uste denarekin, janaria prestatzearekin alegia. Janaria prestatzea sua erabiliz elikagaiak gorputzetik kanpo aurrez liseritzea da. Elikagai egosiak leunagoak dira, murtxikatzeko errazagoak eta errazago bihurtzen dira papila ahoan. Horrela estomagoan erabat liseritu eta xurgatzen dira. Honela, denbora gutxiagoan energia gehiago sor dezakegu. Beraz, janaria prestatzeak neuronekin gauza interesgarriagoak egiteko denbora ematen digu. Ez dugu etengabe janarian, janaria biltzean eta jatean pentsatu behar. Beraz, janaria prestatzen dugulako, behin eragozpen handi bat izan zen garun handi hau neuronez beteta eta energia gastu handia duen garun hau, oso baliagarri bihurtu da, neurona piloarentzako energia lortu dezakegulako eta eurekin gauza interesgarriak egiteko astia izan. Honek azaltzen du eboluzioan zehar zergatik hain azkar hazi zen giza garuna, handia egin arte, primate garuna izaten jarraitzen zuen bitartean. Janaria prestatzeak garun handi hau eskuragarri egin eta elikagai gordinetatik kulturara, nekazaritzara, zibilizaziora, dendetara, elektrizitatera, hozkailuetara, eta egun ditugun gauzetara heldu gara. Honela gauza gara egun guztia iraun ahal izateko energia janari azkarreko gustuko lekuetan kolpetik lortzeko. Behin konponbide bat izan zena orain arazo bihurtu da. Ironikoki, orain konponbidea elikagai gordinetan bilatzen dugu. Zein da gizakiaren abantaila? Zer daukagu beste animaliek ez daukatena? Nire erantzuna hau da: garun kortexean neurona kopuru handiena dugu eta uste dut hori dela gure gaitasun kognitibo ezohikoen azalpen sinpleena. Zer egiten dugu beste animaliek egiten ez dutena, nire ustez oinarrizkoa dena, garun kortexean ditugun neurona kantitate izugarri horrek posible egiten duena? Bi hitzetan: janaria prestatu. Beste animaliarik ez dago janaria prestatzen duenik. Gizakiek bakarrik egiten dute. Horrela heldu ginen gizaki izatera. Giza garuna ikertzeak elikagaiez nuen pentsaera aldatu dit. Orain sukaldea begiratu eta gurtu egiten dut. Arbasoei eskertzen diet ziurrenik gizaki egin gaituen asmakizuna sortzeagatik. Mila esker. (Txaloak)